Erdialdeko zirkulazioa aldatuko dute hilaren 31tik aurrera
Zubieta eta San Martin kaleen noranzkoa aldatuko dute, maiatzaren 31tik uztailaren 9ra bitarte. Zirkulazio aldaketak epeka eta pixkanaka egingo direla esan du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. Era berean, herritarrei gomendatu die datozen asteetan Erdialdetik ez pasatzeko motordun ibilgailuekin: “Zirkulaziorako aste zailak izango dira”. Udalak datozen asteetan emango ditu zirkulazio aldaketen inguruko xehetasun gehiago.
Erabakiak lotura zuzena dute udalaren Datorren Donostia planarekin. Horren bidez, Erdialdeko zirkulazioa nabarmen mugatu nahi du udalak. Esaterako, San Martin kalearen zati bat oinezkoentzako bihurtuko dute. Hain zuzen ere, Artzain Onaren pareko errepidea. Horrez gain, Kontxako pasealekuko lanek ere zirkulazioan eragiten dute. Lan horiek uztailaren 3rako bukatzea aurreikusten du udalak.