Iñaki Aginaga omenduko du Orreaga taldeak, bere heriotzaren urteurrenean
Hilaren 31n urte bat beteko da Iñaki Aginaga Beristain politikari donostiarra (Donostia, 1929-2021) zendu zenetik, eta urteurrenaren bueltan, Orreaga taldeak bi jarduera antolatu ditu Donostian.
Lehenengoa, hilaren 31n bertan izango da, Okendo Kultur Etxean, 19:00etan. Aginagaren ekarpen politikoari buruzko ikus-entzunezko obra bat proiektatuko dute. Bigarrena, aldiz, ekainaren 4an izango da, 12:00etan. Altzako hilerrira joango dira (han daude Aginagaren gorpuzkiak), eta “omenaldia eta oroitzapena” eskainiko dizkiote.
Aginagaren bizitza
Orreaga taldeak nabarmendu du Aginaga “intelektual distiratsua” izan zela, eta “bizitza politikaren eta historiaren ikerketari” eskaini ziola. “ELA sindikatua biziberritu zuen, eta gogor salatu zuen sozial-inperialismoa sindikatuak argitaratzen zuen aldizkarian, Lan Deya-n”, gaineratu du.
Frankismoan egindako ibilbidea ere nabarmendu dute Orreagakoek: “Beste batzuekin batera, 1958an, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin bildu zen Donibane Lohizunen (Lapurdi), beste kontu batzuen artean Parisko lehen Itunaren desegokitasunaz jarduteko. 1962an, Munichera joan zen, EAJren eta ANVren burokraziek Municheko Ituna deritzona sina ez zezaten ahalegintzera”. “Aginagak Berehalako Autonomia izeneko estrategia proposatzen zuen, indarren erlazioa, Euskal Herriaren egoera eta arrakasta lortzeko aukera errealak kontuan hartuta. Bere kritikak argi eta garbi arrazoitu arren, inor ez zen eztabaidarako eta bere bidea zalantzan jartzeko gertu; horrelakoetan ohi denez, burokrazia likidazionista Aginaga ostrazismora kondenatzen saiatu zen”, gehitu dute.
Gerora, Orreagak azaldu duenez, “Euskal Herriarentzako estrategia ere egokitu zuen”: “Determinazio Askearen eskubidean eta euskaldunon Nafar Estatuan oinarrituz. Jakina, ezinbestez, egoera berriari egokitutako estrategia ere erabat bateraezina zen EAJren eta ETAren burokrazien jokaerarekin”.
Azken urteak Donostian pasatu zituen, eta, Orreagak deitoratu duenez, “bere herrikide gehienek ezagutzen ez zutela eta ezagutzen zuten ‘politikarien’ mespretxua jasanez” hil zen.