Intxaurrondo Zaharreko establezimendu txikietan kontsumitzeko kanpaina abiatuko dute
Intxaurrondoko IZBE auzo elkarteak Intxaurkide kanpaina abiatuko du Intxaurrondo Zaharrean astelehenean, hilaren 30ean, auzoko establezimendu txikietan kontsumitzea sustatuz, auzoa bizirik mantentzeko helburuarekin. “Urteekin, saltoki asko desagertu dira Intxaurrondo Zaharreko kaleetatik; horren ondorioz, pixkanaka, auzoko kaleko giroa apaltzen joan da, eta, erremediorik jartzen ez badiogu, lotara bakarrik etortzeko auzo bat bihurtuko da, basamortu itxura hartzeraino. Gure saltokien iraunkortasuna bermatzeko biderik eraginkorrena bertan kontsumitzea da, zalantzarik gabe”, azaldu du IZBEk.
Horrela, auzoko 35 establezimendu txikitan —saltokiak, tabernak, ile apaindegiak eta bestelakoak— Intxaurkide kanpaina egingo dute astelehenetik ekainaren 10era. Funtzionamendua honakoa izango da: establezimenduek IZBE-ri erositako txartel batzuk dituzte, euren bezeroen artean banatzeko, ekainaren 10ean Larrotxene Kultur Etxean egingo duten zozketara begira.
Txartelak saltzen bildu duten dirua irabaziko dute zozketatik ateratzen diren txartelak dituzten herritarrek, honela banatuta: lehenengo saria diruaren %50 izango da, bigarrena %30 eta hirugarrena %20. Sari guztietan, diruaren erdia txartela jasotako establezimenduan gastatzeko izango da, eta beste erdia Intxaurkide kanpainan parte hartuko duen beste establezimendu batean gastatzeko. Guztira, 500 eurotik gora emango dituzte sarietan. Saridunek hilabete izango dute saria gastatzek.
Hain zuzen ere, hedabide honek Intxaurkide kanpainari buruzko erreportajea osatu du, Imanol Mendiluze antolatzailearekin hitz eginda; hemen irakur dezakezue.