Marrutxipiko lotune berria egiteko 542 zuhaitz moztuko dituzte, Parkea Biziriken arabera
Eguzki Erakunde Ekologistak eta Parkea Bizirik plataformak joan den astean salatu zuten Intxaurrondoko Etzieta parkean eta bere inguruetan 180 bat zuhaitz moztuko dituztela, GI-20 saihesbideko Marrutxipiko lotune berria eraikitzeko. Ordea, Parkea Bizirikek salatu duenez, 180 baino gehiago dira eremu horretan moztuko dituzten zuhaitzak: “Markatutako zuhaitzen eta autobidearen artean hesi batez mugatutako eremu bat dago, non zuhaitzak ez diren markatu (aldundiaren lursaila da). Eremu horretan 362 zuhaitz zenbatu dira eta horiek ere moztuko dituzte. Moztu beharreko zuhaitzen benetako kopurua 542 zuhaitzekoa da”.
Parkea Biziriken arabera, zuhaitz gehienak “tamaina handikoak dira eta inguruetako lau solairuko eraikinen altuera aise gainditzen dute”. Azaldu dutenez, altziferrak, ezkiak, platanondoak, eukaliptoak, lizarrak, astigarrak, haritzak eta ereinotzak dira eremu horretako zuhaitzak, eta hegazti asko daude: “Hala nola, birigarroak, zozoak, txinboak, txantxangorriak eta erregetxoak, asko eta asko habiatik atera berri diren kumeei jaten ematen”.
Bestalde, erakundeen jarrera kritikatu dute: “2021eko irailean, foru eta udal gobernuek zin eta zin egin zuten ingurumenean ez zela eraginik izango, esanez eta Etzieta parkea ez zela ukituko. Hau ere bada beste ingurumen ondorio bat, Loiolako Erriberan XXI. mendeko geltoki intermodalik eraiki ez izanagatik”. Ildo beretik, Marrutxipiko proiektuak eragin kaltegarriak izango dituela salatu dute: “Proiektu horrek udalerria gehiago artifizializatuko du, hirira masa turismoari auto gehiagoren helduera erraztuko dio eta isurpen kutsagarri kopurua emendatuko da, hirian bizi den jendearen kalterako. Zergen bidez jendartearen ahaleginaz bildutako 12,6 milioi euro, diru publikoa dena, dirututa dauden enpresa pribatuetara eskualdatuko dituzte”.