Porrontxo jaietako historia, argazki zaharrak, abestiak eta beste bildu dituzte webgune batean
Gora Egia! plataformak Egiako Porrontxo jaietako material historiko ugari bildu du Goraegia.eus webgunean porrontxoei buruzko atari propioa sortuz: Porrontxojaiak.goraegia.eus. Asteazkeneko kuadrillen batzarrean aurkeztu dute ataria.
Porrontxo jaiek 40 urte beteko dituzte irailean, eta, hain zuzen ere, 40 urteotako kartelak, egitarauak, argazkiak, bideoak eta bestelakoak bildu dituzte atari horretan. Era berean, jaietan aktibo egon diren eta dauden kuadrillen zerrenda ere osatu dute: 122 kuadrillako zerrenda egin dute: “Gehiago agertzea ere espero da, bai jaio berriak eta bai zaharrak. Kuadrillek euren datuak eta argazkiak bidaltzeko aukera izango dute”, azaldu du Gora Egia!-k.
Bestalde, dokumentu berezi batzuk ere eskuragarri jarri dituzte webgunean. Alde batetik, 1992. urtean, jaien 10. urteurrenean argitaratu zen “aldizkari mardul bat” jaso dute. Bestetik, 2008tik 2010era jaien bueltan sortu zituzten hiru abesti ere entzungai eta deskargatzeko moduan jarri dituzte: Bolinga Sound Systemen Aurrera doa, jaien omenezko Porrontxinaren dantza eta SinTotxa mugimenduaren Porrontxokumeen kunbia. Horrez gain, jaien historia ere idatzi dute webgunean.