Zuhaizti ikastetxeko patioa berritu dute, ariketa fisikoa sustatzeko
Zuhaizti ikastetxeko Ikasleen Guraso Elkartearen (IGE) ekimenez, Zuhaiztiko patioa berritu dute, haurren arteko berdintasuna sustatzeko eta ariketa fisikoa indartzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzan helburu horiek sustatzeko dirulaguntza bat iragarri zuten, eta Zuhaiztiko IGE-k bere proiektua aurkeztu zuen. Azkenean, 4.600 euro inguruko dirulaguntza eman diete, eta eskaladako horma bat eta egurrezko elementuekin egindako zirkuitu bat jarri dituzte diru horrekin. “Bi aukera genituen: diru faltagatik inoiz burutuko ez litzatekeen proiektu erraldoi batean inbertitu, edo zerbait xumeagoa egin, baina gure seme-alabek gozatu ahal izango dutena. Bigarrena aukeratu genuen”, azaldu dio Irutxuloko Hitzari Vanesa Alainezek, Zuhaiztiko IGEko kideak eta proiektuaren arduradunak.
“Nik ez nekien asko patioei eta parkeei buruz, eta dena oso garestia dela konturatu naiz, guztia behar bezala homologatuta egon behar delako, logikoki. Azkenean, ia 5.000 euro horiekin Madrilgo enpresa baten eskutik eskalada horma bat jarri dugu, kautxuzko lurrarekin. Etorkizunean, nahi badugu, eskaladako klaseak eman ahalko dira bertan. Horrez gain, egurrezko elementuekin egindako zirkuitu bat ere jarri dugu”, adierazi du Alainezek.
Zuhaiztiko IGE Donostiako Udalarekin ere jarri zen harremanetan proiektu honetarako laguntza eskatzeko, izan ere, eskaladako horma oso egoera txarrean zegoen. “50 metro inguru ditu hormak, eta askotan eskatu ostean, udalak horma berdez margotzea lortu dugu. Gainera, guk murala egiteko dirua eman zigun, eta hori beste ikasle baten aitak egin du, diseinatzaile grafikoa baita”, azaldu du.
Horrez gain, ikastetxeak belar artifiziala duen gune bat egokitu du. “Hori izan zen jarri zuten lehenengo elementua, eta haurren artean izan zuen arrakasta itzela izan zen. Hasieran, belar artifizialaren gainean jarri behar zuten egurrezko zirkuitua, baina haurrei horrenbeste gustatu zaienez, leku hori libre uzteko eskatu digute”, azpimarratu du.