Bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen dute gizon batentzat, 2019ko sexu eraso batengatik
Gipuzkoako Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du gizon batentzat, ustez 2019ko Urteberri egunean Donostian emakume bati sexu eraso bat egiteagatik. Era berean, hamabost urtez biktimarengandik urrun mantentzeko eta harekin ez komunikatzeko agindua eskatu du Fiskaltzak, baita akusatua espetxetik ateratzean zazpi urtez kontrolpean egoteko, biktimari 12.200 euroko kalte ordainak ordaintzeko eta zigorraren bi heren betetzen dituenean Espainiako Estatutik kanporatzeko ere.
Fiskaltzaren akusazioaren arabera, 2018ko abenduaren 31n, garai hartan 37 urte zituen akusatuak logela bat zeukan alokatuta erasoa gertatu zen etxebizitzan, Donostian, eta han pasa zuen Urtezahar gaua, beste hainbat pertsonarekin. 05:00ak aldera, erasoa pairatu zuen emakumea lo egitera joan zen, eta, handik ordubetera, gizona logelan sartu zen, “baimenik gabe”. Emakumearen ohean sartu zen, eta sexualki eraso zuen, nahiz eta emakumeak uzteko eskatu zion. Gizonak, aldiz, emakumea erasotzen jarraitu zuen.