Euskalgintzaren sustatzaile, gidari eta eredu
Donostiako euskalgintzan pieza funtsezkoa izan da Isidro Yoldi. Urrats euskaltegitik eta Amara Berriko euskara batzordetik euskararen aldeko hamaika ekinbide sortu, bultzatu eta gidatu zituen. Besteak beste, 'Irutxuloko Hitza'-ren sustatzaileetako bat izan zen, eta administrazio kontseiluko kidea zen.
Isidro Yoldiren heriotza galera handia izan da Donostiako euskalgintzarentzat. Hiri euskalduna lortzeko eta eragiteko lan mardula egin zuen hainbat esparrutan; kontaezinak dira aurrerapausoak eman ahal izateko egin zituen bilerak, txostenak, eta proposamenak; eta amaitezina da parte hartu zuen egitasmoen zerrenda; zenbatezinak ere bai, elkarlanak lortzeko jo zituen ateak.
Euskararekiko konpromisoa izan zuen bizibide, eta ibilbide horretan ezagutu zutenek azpimarratu dute euskararen aldeko borrokan erakutsi duen kemena, baikortasuna eta gogoa.
Langilea eta apala
Amara Berriko Urrats euskaltegiko zuzendaria zen Yoldi, eta irakasle lanetan ibili zen 30 urtez. Orain, haren lekukoa hartu du Ana Arregik, eta hark kontatu du nola hasi zen Urratsen historia. Ondo ezagutzen du, euskaltegia sortu zuten urte berean hasi baitzen lanean: «Eraiki izeneko euskaltegitik sortu zen Urrats. Jabea jubilatu zenean, langileak elkartu egin ziren, eta kooperatiba bat sortu zuten. Katalina Erauso kalean zegoen bulegoa, eta han jarraitu zuten. Sorrera gogorra izan zen, baina denon artean aurrera atera genuen, Isidro buru zela, noski». Bere ustez, Yoldi izan da proiektuaren motorra, bultzatzaile nagusia, baina oso pertsona apala zen: «Halakoa zen; berak egin, berak lagundu, eta, halere, guri eskerrak eman».
2010ean ireki zuten egungo egoitza, Karlos I.aren hiribidean, eta uste du lankide gehienek han irudikatuko dutela, «euskaltegiaren ate ondoan, arkupean, esku batean zigarro bat zuela eta beste eskuan agiriren bat edo ebazpenen bat, irakurtzen». Bulegoan lanean buru-belarri aritzen zen arren, pertsonaia «alaia» izan dela gogora ekarri du Arregik: «Ikaragarri gustatzen zitzaion kantatzea, eta dantza egitea».
Nabarmendu du beti izaten zituela gehiago euskalduntzeko asmo berriak, beti saiatzen zela «modurik egokiena» bilatzen: «Euskalgintza eta euskara ukitzen zuten alor guztietan bere aletxoa jarri zuen». Euskaltegiko langileen baldintzak hobetzeko egin zuen ahalegina ere «izugarria» izan da: «HABErekin egin dugun akordioa historikoa izan da. Gauzak lotu samar utzi ditu alor horretan».
Landu zituen egitasmoetako batzuk gauzatzea lortu zuen, baina beste batzuk ezin: «Pena handia da, euskalduntzearen doakotasuna lortzeko ametsa bete gabe joan delako».
Euskalduntzearen doakotasuna aldarri
Ametsa bete gabe joan da, baina uzta ederra utzi du helduen euskalduntzearen sektorean. Hala azaldu du Paul Bilbaok, Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak: «Urrats euskaltegia Kontseiluko bazkidea da, eta helduen euskalduntzearen sektorearen batzordean Isidro bera aritu zen lanean. Bera etorri zen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailburuarekin biltzera; Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuarekin bilera egiteko ere bera etorri zen; Eusko Legebiltzarreko alderdiekin ere bildu ginen. Niretzat gozamena zen nire alboan izatea Isidro. Bere ekarpenari gehitu behar zaio pertsona maitagarria izan zela. Gustua ematen zuen berarekin lan egitea».
Helduen euskalduntzearen sektorean «zutabea» izan dela uste du, «konbentzimendutik egin zuelako». Neurri handi batean «gidaria» izan dela adierazi du: «Helduen euskalduntzearen doakotasuna lortu behar zela sinisten zuen, uste zuen injustua zela gure herrian euskaraz ikasteagatik ordaindu behar izatea. Eta, berak, doakotasuna sutsuki defendatzeaz gain, esaten zuen euskalgintzaren bilgune den heinean, Kontseiluari bazegokiola proposamen integral bat egitea. Are gehiago, jo behar genuela Kontseiluan ez dauden helduen euskalduntzean dabiltzan beste eragileengana ere bai. Horren guztiaren emaitza izan zen gizarte ekimeneko euskaltegien %95ek bat egitea. Horren guztiaren atzean Isidro zegoen».
Euskarazko prentsaren alde
Irutxuloko Hitza-ren sorreran ere lan eta lan aritu zen; proiektua babestu zuten gizarte eragileen ordezkaria izan zen. Irutxulo astekaria egunkari bihurtu zen unea izan zen, 2005. urtea. Dani Goñi Bagera euskaltzaleen elkarteko lehendakaria zen garai hartan, eta gogoan du komunikabidea sustatzeko herri ekimeneko kanpainan egin zuela topo Yoldirekin: «Elkarrekin aurkezpenak egin genituen eragileen aurrean. Ilusio handia zuen, eta momentu zailetan ere gutxitan entzun nuen kexuka. Proiektu hauetako administrazio kontseiluetan, besteetan ez bezala, gure poza inondik inora ez da etekin ekonomikoa lortzea, baizik eta aurrera egitea, eta Isidrok lan horretan oso ekarpen handia egiten zuen». Yoldi «gertukoa» eta «alaia» zela dio, «arduratsua» zela, eta beti hartzen zituela konpromisoak.
Raul Perez Irutxuloko Hitza-ko kazetaria zen proiektuaren sorreran. Haren esanetan, Yoldik, batez ere, babesa transmititzen zien: «Gu erredakzioan sartuta geunden, eta gure lana zen idaztea eta egunkaria ateratzea. Garai gogorra izan zen, sekulako lan bolumena zuen garaia zelako, baina, era berean, polita zen, esanahiarengatik. Lan handia egiten ari ginen proiektu bat aurrera ateratzeko. Egia esateko, hortik kanpo ez genuen ez denborarik ez gaitasunik ere. Halere, Isidro erredakziotik kanpo egonda ere, nik gogoan dut babesa transmititzen zigula. Beti abegikor, beti jator langileokin. Bera ez zen kazetaria, baina gure egoitzara etortzen zenean nabaritzen nuen babes moduko bat. Pertsona alaia eta baikorra zen. Kanpo harremanetan ordezkatzen gintuen; proiektuan sinisten zuen horietako bat izan zen, eta hori da nabarmentzeko moduko beste datu bat. Garrantzitsua da zu ordezkatzen zaituenak gaitasun hori izatea».
Bagera elkarteko Ainara Vazquezek ere uste du bultzada handia eman ziola komunikabideari: «Irutxuloko Hitzak egon behar zuen leku horietan egoteko lan handia egin zuen». Edozer gauza antolatzea, eta berarekin lan egitea «erraza» zela dio: «Bageraren Mintzalaguna programari lotuta egon da beti Urrats euskaltegia, eta horretan ere bidelagun izan dugu Isidro, baita euskara batzordeeen sorreran ere. Oso diplomatikoa zen, eta tentsioak sor daitezkeen espazioetan akordioak lortzeko oso ona zen. Nik uste dut ekarpen handia egin zuela».
Zubi lana
Are gehiago, Edurne Otamendi Donostiako Euskara Zerbitzuko buruaren iritziz, euskalgintza Donostian Isidro Yoldi gabe ezin da ulertu. «Oso zehatzera jotzen badugu, auzoan eta euskaltegian erreferentzia bat zen, baina hirian ere bai. Zubi lana egin zuen elkartegintzan, administrazioarekiko harremanetan, erakundeetan… Euskaltegien solaskidetzan ere erreferente bat izan da».
Euskara Zerbitzuan langile guztiek estimatzen zutela adierazi du: «Isidro denentzat da ezaguna, eta ia lankide bat. Hemen gaudenetik beti egon da hemen. Beti zegoen prest edozein proposamen berriri aurre egiteko. Guk euskaltegiekin harreman oso zuzena dugu. Udal euskaltegirik ez dugunez, denekin izan dugu harremana, eta bilera asko egiten ditugu, eta egia da Isidro erreferentzia bat zela, eta erabaki bat hartu baino lehen kontrastea egiteko pertsona bat zen, edozein gaietan, eta euskaltegiekin lotuta are gehiago».
Auzoetako batzordeak martxan jartzen hasi zirenean ere, Isidro hortxe zegoela kontatu du: «Beti lehen lerroan. Amara Berriko Berritsu taldea sortzen. Beti egon da hor, tira egiten». Euskararen Plan Orokorrak eta hausnarketa prozesuak egin dituztenetan ere, beti ekarpenak egiteko prest agertu zen. «Zoragarria zen. Ematen du gauza horiek pertsona horiek falta direnean esaten ditugula, baina benetakoa da», azpimarratu du Otamendik.
Osakidetzan ere lantalde bat egin zuten, eta Osakidetza, Bagera, udala eta aldundiko ordezkariez gain, Isidro ere hor: «Talde horrek Donostialdeko ikuspegia zuen, baina hurbiltasunagatik Isidro ere lantaldean izan zen. Hiruzpalau urtez ibili ginen bilerak egiten. Amara Berriko eta Egiako anbulatorioan proiektu pilotuak egin ziren».
Ikuspegi zabala eta irekia
Donostiako immigranteek euskara ikasteko lehen urratsak egin ahal izateko ikastaroak eta jarduerak bultzatu zituen Yoldik, bai Aisa proiektuaren bidez eta bai Banaiz Bagara elkartearekin elkarlanean. Ikuspegi hori nabarmendu du Otamendik: «Bide hori hartu behar zela uste zuen. Erabat integratzailea zen, hizkuntza ere ikuspegi horretatik ikusten zuen, inklusiboa zen. Hori zen bere izateko modua, eta bere izateko modua islatzen zen bere lan egiteko moduan». Langile amorratua eta pertsona baikorra izateaz gain, oso ikuspegi zabal eta irekia izateaz gain, harremanetarako zuen «gaitasuna eta dohaina» nabarmendu du: «Tenplea zuen aurkezpenetarako, edozein lekutan egoteko. Beti zegoen, hor gaitasuna zuelako».
Auzoan, txikitik eragiten
Amara Berrin, Urrats euskaltegitik, auzoko eragileak euskararen inguruan biltzeko gogor egin zuen lan Yoldik. Auzoko euskara batzordeak Berritsu izena du, eta Marian Zarraonaindiaren iritziz, Yoldi izan da haren sustatzaile nagusia: «Bere ekimenez sortu zen, berak bideratzen zuen dena. Beti adi zegoen, egon behar zen tokian egoteko».
Zarraonaindia auzo elkarteko kidea da, berak ere Berritsun parte hartzen du. Ikasbide eta Illunki kultur elkarteak, AEK eta Urrats euskaltegiek, jai batzordeek eta Amara Berriko gurasoen elkarteak ere osatzen dute taldea. Euskara Zerbitzuak diruz lagunduta, eta Bagerak dinamizatuta, elkartu egiten dira euskara sustatzeko.
Bere ustez, Berritsu auzoan oso eragile garrantzitsua da: «Hemen gaudenok jada urteak daramatzagu elkarlanean, eta horrek beste eragileekin saretzea ere eragin du». Amara Berri auzo zaila dela uste du: «Biztanle asko ditu, harremanak oso indibidualistak dira, eta euskara bultzatzeko komunitate bat behar da, eta gaitasuna izan behar dugu besteekin harremantzeko». Bide horretan Isidro Yoldik egin duen lana funtsezkoa dela esan du: «Sare bat eginda daukagu, eta egiteko modu batzuk baditugu. Isidroren estiloan ari gara denok lanean. Berarentzat, erronka zen euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egitea. Horretarako antolatzen ditugu hainbat ekitaldi auzoan».
Auzoari sekulako ekarpena egin diola esan du: «Bere galera handia izan da, pena handia izan da. Bere konpromisoa nabarmenduko nuke, eta bere lan egiteko gaitasuna, eta harremanak indartzeko zuen gaitasuna».
Mendizalea eta bidaiazalea
Egiako Aitzarte mendi taldekoek ere nabarituko dute Yoldiren hutsunea. Lulu Zabaleta kideak gaztetatik ezagutu zuen: «1979an agertu zen txango batean Isidro, bere kuadrillarekin. 15 urte besterik ez zituen». Lagunak baino gehiago, «ia anaia-arrebak» izan direla dio. «Geroztik, ez da eten gure harremana, bidaia pila bat egin ditugu elkarrekin. Mendizalea ez ezik bidaiazalea ere bazen». Kontatu du Mendigorriako (Nafarroa) familia baten semea zela Yoldi, eta haurra zela etorri zela Donostiara: «Haur danborradan atera zen, zaldi gainean, jeneral karguarekin. Argazkia erakutsi zidan», gogoratu du barrez.
Aitzarteko zuzendaritzara iritsi zen momenturik gogorrenean: «Adineko jendea kluba uzten hasi zen, eta, beraz, berriz ere ardurak banatu behar izan genituen». Euskalgintzan bezala, Aitzarten ere kide konprometitua izan zen: «Ibilbideak probatzera joaten zen, egutegia egiten laguntzen zuen… Hitz egin nezake mendi taldearen alde egin duen guztiaz, baina motz geratuko nintzateke ziurrenik».