Euskelec txapelketa Donostiako Erdialdean egingo dute
Igandean, hilaren 29an, 30 taldek parte hartuko dute V. Euskelec ibilgailu elektrikoen txapelketaren azken fasean. Lanbide Heziketako 600 ikaslek baino gehiagok egindako ibilgailuek proba dinamikoak eta erresistentziakoak egingo dituzte 10:00etatik 18:00etara Alderdi Ederren, Bulebarrean eta Hernani kalean. Tknika da antolatzailea, EAEko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa da txapelketaren antolatzailea –Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpekoa–.
Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ibilgailu elektrikoak diseinatzen eta eraikitzen dituzte Euskelec txapelketarako. Motor komun batetik abiatzen dira –motorra, motor kontrolagailua eta bateriak–. Egitasmoaren helburua da ikasleen arteko talde lana sustatzea eta jarduera esperimentala eta sormenezkoa oinarritzea, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa. Era berean, txapelketa trakzio elektrikoko ibilgailuetan espezializatutako teknikariak trebatzeko eta sustatzeko plataforma da, eta fabrikazio teknika berrien esperimentazioa eta material berrien erabilera sustatzen du.
Euskelec txapelketak bi fase ditu: prototipoa aurkezteko fase teknikoa zein sormenezkoa eta fase dinamikoa. Bigarren fase horretan, ibilgailuen prestazioak, ezaugarriak eta diseinua ebaluatzen dira eslalom, azelerazio eta gehieneko balaztatzeko proben bidez, besteak beste.
30 talde eta ibilgailu
Urtez urte, gero eta handiagoa da Euskelec txapelketan parte hartzen duten prototipoen kopurua, eta gero eta esparru geografiko urrun eta desberdinagoetako gazteek eta taldeek hartzen dute parte. Igandean, EAEko –Donostiako Ortzadar ikastetxea da horietako bat– Ipar Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako ikastetxeek parte hartuko dute.
Txapelketak zirkulazio aldaketak eragingo ditu Dbusen zerbitzuan. Helbide honetan kontsultatu daitezke.