Frantzia pasealekuko eskultura batean agerturiko "pintaketa matxista" salatu du Marisol Garmendiak
Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramaileak jakinarazi duenez, “espazio publikoa eta obra artistikoak errespetatzen ez dituen beste eraso bat” gertatu da. Zehazki, Frantzia pasealekuan dauden dantzarien eskulturan “pintaketa matxista” bat egin dutela salatu du Garmendiak: “Nahiz eta garbiketa zerbitzuek bide publikoa eta, bereziki, arte publikoa baldintza egokian mantentzeko ahaleginak egin, hirian ugaritzen ari diren pintaketen jarduera jasanezina izan ez ezik, kasu honetan bularra margotzeak bereziki sumintzen duen matxismo kiratsa ere badu. Eskultura garbitzeko modua aztertzen ari gara, multzo artistikoari kalterik eragin gabe”.
Dantzarien eskultura 1911ko eskola italiarrekoa da. 1917an iritsi zen Donostiara, Alderdi Eder eta Bulebarra birmoldatu zirenean, eta leku horietan egon zen gaur egun Frantzia pasealekuan dagoen tokira eraman aurretik.