Igeldoko autobus zerbitzua handituko dute eta Urgullekoa abiatuko dute ekainean
Ekainaren 1etik aurrera, Dbusek Igeldoko autobus linearen (16 linea) maiztasuna areagotuko du, udara begira, “ohiko erabiltzaileen eta turista eta bisitarien garraioa errazteko”. Zehazki, 10:05etik 21:05era handituko dute zerbitzuaren maiztasuna; 20 minutuan behin izango dira autobusak. 16 lineak irailaren 30era arte izango du maiztasun hori.
Bestalde, ekainaren 4an, Urgulleko 39 linearen mikrobus zerbitzua abiatuko du Dbusek. Ekainaren 22ra arte, zerbitzua larunbatetan eta igandeetan eskainiko dute soilik, eta, 23tik aurrera, egunero eskainiko dute. 39 lineako autobusak 30 minutuan behin pasatuko dira, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik eta 20:00etara.
Pasealeku Berritik eta Urgulletik ibiliko da 39 linea, eta Bretxako eta Pasealeku Berriko aparkalekuekin konektatuta egongo da. Uztailean eta abuztuan ere egunero eskainiko dute zerbitzua, Aste Nagusian eta aurreko eta ondorengo egunetan izan ezik, Pasealeku Berriko barraken instalazioarengatik. Irailean zerbitzua asteburuetan izango da berriz ere, Kontxako Banderako asteburuetan izan ezik.