Intxaurrondo Zaharrean auzo bizitza nahi dute
Azken urteotan, saltoki ugari itxi dituzte Intxaurrondo Zaharrean, eta, ondorioz, auzo bizitza apaldu egin da. Horri aurre egin nahi dio IZBE auzo elkarteak, eta Intxaurkide kanpaina abiatuko dute.
IZBE auzo elkarteak argi dauka saltokirik, tabernarik, eta, orokorrean, establezimendurik gabe, auzoak lo auzo bihurtzen direla, eta kalean ez dela egoten inolako bizitzarik. Horregatik, Intxaurkide kanpaina abiatuko dute astelehenean, IZBE-ko kide Imanol Mendiluzeren esanetan, “auzoan mugimendua sortzeko, hemen bizi den jendeak elkar ezagutu dezan eta ezagutu ditzan auzoan eskuragarri dituen zerbitzuak”.
Hain zuzen ere, IZBE-koek txartel batzuk saldu dizkiete Intxaurrondo Zaharreko establezimenduei, euren bezeroen artean nahi duten moduan banatzeko. Ondoren, ekainaren 10ean, Larrotxene Kultur Etxean zozketa egingo dute, eta txartel irabazleak dituztenek sari hauek jasoko dituzte: lehenengo saria IZBE-k txartelak saltzen bildutako diruaren %50 izango da, bigarren saria diruaren %30 eta hirugarrena %20. “Irabazitako diruaren erdia txartela jaso duzun establezimenduan gastatu beharko du irabazleak, eta beste erdia auzoko beste establezimenduren batean. Nolabait, establezimendu denei bizitza pixka bat ematearren”, azaldu du Mendiluzek.
Herritarrentzat kanpainan parte hartzea oso erraza dela nabarmendu du IZBE-koak: “Jendeak ez du ezer berezirik egin behar. Azken finean, jendea betiko tokietara joango da kontsumitzera, eta tabernako edo saltokiko arduradunak txartela eskainiko dio. Eta, noski, zozketa irabazten badu, ezusteko pozgarria izango du!”.
Bestalde, Intxaurkiderekin bat egin duten establezimenduek kanpainaren pegatina bat izango dute kanpoaldean, eta IZBE-koek mapa bat jarriko dute eskuragarri, establezimendu guztien kokapenarekin, telefonoarekin eta helbidearekin. “Izan ere, jende gazte dezente etortzen ari da auzo honetara, eta askok ez dakite auzoan zer dagoen ere. Ez daki Makrobiotikoa jatetxea daukagula, 0 kilometroko jakien Artatxiki denda daukagula, arropa konpontzen duen establezimendu bat daukagula, filmak egiten dituen toki bat dagoela, eta halako establezimendu bereziak ditugula”, adierazi du Mendiluzek.
Gehienek hartu dute parte
IZBE-ren arabera, Intxaurrondo Zaharrean 60 establezimendu daude (Aldi eta Todo Todo supermerkatuak kontatu gabe), eta %60k hartu du parte Intxaurkide kanpainan; 35 establezimenduk, zehazki. Gainera, denetarik dago parte hartzaileen artean: Agare, Erdikoa, Aiton Amonen Etxea, Makrobiotikoa, Zulo Zahar, Bilindo, Irurak, Lizardi eta La Estrella tabernak; Elosegi eta Zubiaurre okindegiak; Camilo eta Vanessa ile apaindegiak, Otxoki eta Altziber Garcia klinikak; Lotura Films filmateka, R.M. arkitektura estudioa, Erkizia aroztegia, Artatxiki denda, Zubiaurre autoeskola, Txarandaka eta Gurpil tailerrak; Intxaurrondo estankoa, Pier eta J.I. Bengoetxea harategiak; Codental laborategia, Sathe ostalaritzako makinen saltokia, Kiko denda, Amagoia frutategia, Ziako interiorismo establezimendua, J. Clara liburu denda, Xabi Iturri eta Felix Otxoa pintoreak; Martin Vicioso igeltseroa eta Josean iturgina.
Momentuz, soilik Intxaurrondo Zaharrera mugatu dute egitasmoa, baina Mendiluzek nabarmendu du ez dutela auzo osora zabaltzeko atea ixten: “Guretzat lan handia izan da establezimendu guztiekin hitz egitea, eta abar; beraz, jende gehiagoren parte hartzearekin, zabaldu dezakegu. Ea auzoan zer mugimendu sortzen den”.