Koldo Almandoz gidoigileak eta Aritz Trueba marrazkilariak 'Natasha' komikia osatu dute
Film baterako istorioa izan behar zuena komiki bihurtu dute, eta formatu honetan gustura sortu dutela kontatu dute egile donostiarrek.
Hasieran, film baterako gidoi bat egin zuen Koldo Almandozek, baina ez zuen lortu pelikulak aurrera egitea. Ustekabean, proiektuak aurrera egiteko beste modu bat aurkitu zuen: Truebak proposatu zion komiki bihurtzea. Bien arteko sorkuntza lana gaur aurkeztu dute, Donostiako Komikigunean. Farmazia Beltza argitaletxearekin euskaraz argitaratu dute, eta Nuevo Nueve-rekin, gaztelaniaz.
Zer kontatzen duen Natashak? Sexu bideo batean agertu da Natasha protagonista, eta sare sozialen bidez zabaldu da. Egoera gogor batetik abiatzen da istorioa, baina gidoigileak, Koldo Almandozek, argi utzi du komiki hau ez dela drama bat. Biktimizaziorik gabe eta protagonistari ahotsa emanez idatzi du istorioa: “Horrelako zerbait gertatzen zaion pertsona batek beste bizitza bat baduela eta izan dezakeela erakutsi eta kontatu nahi izan dugu. Ez dugu drama bat egin nahi izan, baizik eta nobela argitsu bat, umorez, elkarrizketa azkarrez, eta errealitatez beteta dagoena. Gertakizun hori normalizatu, gertakizun horrek izan ditzakeen ondorio batzuk ere erakutsi, baina betiere pertsonaia biktimizatu gabe, eta pertsonaiari ahotsa emanez”.
Izan ere, komikian ez dago narratzailerik, ezta off ahotsik ere. Soilik pertsonaiek hitz egiten dute. Eta bere ustez, hori da istorio honetan egin duen esfortzurik handiena. “Istorioak soilik pertsonaiek hitz egiten dutenarekin egiten du. Denak dira bunbuiloak, ez dago marrazkiaren gainean laukizuzen zuririk testuekin, eta istorioak aurrera egingo pertsonaiek egiten dutenaren arabera. Euren akzioek eramango dute ondorengo akziora. Ez dago gidoigile orojakilerik pertsonaia horiek bideratzeko edo irakurleari informazio estra emateko. Guk nahi duguna da Natashak, Anek, Elenak, euren kasa euren istorioa kontatzea”. Truebak uste du giro bat ere transmititzen duela, eta lagunekin eta senideekin ditugun harremanen eta komunikatzeko moduen inguruan gogoeta pizten duela.
Txikitatik, bizilagun
Bi sortzaileek betidanik ezagutzen dute elkar. Aieten bizi dira biak, eta bizilagunak dira. Hau ez da elkarrekin lan egiten duten lehen aldia. Oreina (2018) filmaren bitakora koadernorako marrazkiak egin zituen Truebak. Eta, ondoren, Natasha-ren proiekturako jo zion berriz atea: “Film bat egiteko asmoa zuen Koldok, eta gidoiarekin etorri zen nigana. Dossier bat egin behar zuen Txintxua Films-ekin filma aurkezteko, eta marrazki batzuk eskatu zizkidan”. Ordea, hurrengo urtean, berarekin topo egin zuen, eta proiektua zertan zen galdetu zionean, “burumakur” ikusi zuen: “Proiektua bertan behera geratu zela azaldu zidan, eta nik, nire xalotasunean, aipatu nion zergatik ez genuen komikia egingo gidoia baldin bagenuen. Koldori aurpegia aldatu zitzaion”.
Halere, Almandozek uste zuen ez zutela komikia gauzatuko, baina… “Kasu askotan gertatzen den moduan, norbaitekin lan egiten duzunean, gauzarik baikorrena izaten da osagarri izatera iristen zarela. Horregatik, momentu baxuetan zaudenean, momentu hobe batean dagoenak animatzen zaitu. Uste dut hori gertatu zela momentu horretan. Eta ez nion ihes egiten utzi [barrez].
Ordea, bazekien komiki bat marraztea “lan nekeza, luzea eta esker txarrekoa” dela, eta ez zuen nahi Trueba sarerik gabe ibili zedin. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako komikien diru laguntzetara aurkeztu zuen gidoia. Diru laguntza lortu zuen, eta proiektuak berme hori zuela ikusita, aurrera egitea erabaki zuten, eta azken urtea Natasha komikia egiten pasatu dute.
Elkarrekin sortutako komikia
Sorkuntza prozesuaz asko gozatu dutela aitortu dute: “Ostiralero bildu gara Aritz eta biok etxeko sukaldean, eta erabakitzen genuen nola egin aurrera”. Hasieratik erabaki zuten nola moldatu zinemarako gidoia zena komikira: “Bazegoen egokitzapen lan handi bat. Gidoi bat hartu eta binetetara eta marrazketara eraman behar. Komiki hizkuntzara eraman behar hori. Asko gozatu dut elkarlan bat izan delako. Berak gidoian ere esku hartzea izan du, eta niri ere utzi dit marrazkietan ere ekarpenak egiten. Komikia oso biona da, eta oso biona da alderdi guztietan”, adierazi du Almandozek. Bastian Vives eta Frederick Peeters izan dira erreferentzietako batzuk: “Estilo horretara jo nahi genuen, iruditzen zitzaigun hori behar zuela”
Aritz Truebak urtebete eman du Natasha komikirako estilo bat lortzen eta bilatzen. Aurretik Buyan komikia argitaratu du Truebak, eta hura marrazteko sei urte behar izan zituen. Horregatik, proiektu honetan komikia modu eraginkorrean egiteko formula lortu nahi zuten: “Ez Koldok ez nik ez genituen sei urte pasatu nahi pelikula bat komikira pasatzen. Gidoia irakurrita, bagenekien 200 bat orrialde aterako zirela gutxienez. Koldok ondo ulertzen du narrazio sistema hau eta horrek konbentzitu ninduen, banekien ikasiko nuela. Sakrifizioa dagoenean, behintzat zerbaitetarako balio dezala, eta balio dezala ikasteko. Aurreko lanean ikasi egin nuen marrazten eta margotzen. Oraingoan beste helburu batzuk ziren”, azaldu du Truebak.
Beste erronka batzuk ere izan ditu Truebak, akzio gehiegi ez duen komikia bizia izatea: “Emozionala da, elkarrizketetan oinarrituta dago. Nire hasierako beldurretako bat zen estatikoegi geratzea. Elkarrizketak leku itxietan gertatzen dira, ez dago akzio gehiegi, eta hori nola interesgarri bihurtu eta orijinala izatea… Ariketa horrek eraman gaitu sortzaileagoak eta orijinalagoak izatera”.
Bere garaian filma ez egiteak tristura eman zion arren, komikia argitaratua ikusi duenean, formatu honetan egiteagatik pozik dagoela esan du Almandozek: “Egin nahi izan genuen komiki bat, gidoia moldatu. Istorio hau kontatzeko modu bat ere bazen. Komikia beti ikusten da txikia izango balitz bezala, eta komikian bizitzen den jendearentzat putada bat da, argi eta garbi, baina bestetik bada ere altxor bat. Askoz ere sanoagoa eta ederragoa da komikiaren mundua zinemarena baino. Eta lan egiteko modua askoz ederragoa da komikian zineman baino. Putada bat da, hortik bizimodua ateratzea zailagoa delako, baina, bestetik, gutxiengo batean eta giro horretan bizitzeak zelako abantailak diren arima elikatzeko. Agian beste gauza batzuk ez, baina, arima bai. Horren parte txiki bat izateak satisfakzio handia ematen dit”.
Fikzioaren aldeko aldarrikapena
Istorio hau fikzioa dela argi utzi du Almandozek: “Inguruko jendea behatzen duzunean, saiatzen zara obserbazio horiek fikiora eramaten. Batzuetan, agian, asmatuko nuen, beste batzuetan ez. Baina iruditzen zait ez dagoela oso urrun. Istorioan molde askotako gazteak eta nerabeaak daude. Horiek islatzen saiatu gara hizkuntzetatik hasita. Euskaraz modu natural eta organiko batean hitz egiten duen pertsonaia bat, erdarakada piloa eta euskaldun berria izan daitekeena, jatorri desberdinekoa, hiri handiko pertsonaia bat… baina hori ere aldagarria da, zeren eta agian hiri handi batean euskara jatorra hitz egin dezakeen norbait dago, eta herri txiki batean ez. Nik uste dut eta guk ditugun arketipo horiek ere hausten saiatu garela”. Eta fikzioa sutsuki aldarrikatu du Almandozek: “Nerabeez hitz egiteko nerabe izan behar duzu? Mafiosoez idazteko mafioso izan behar izan duzu? ETAz hitz egiteko ETAn ibili behar izan duzu? Nik ezetz uste dut. Eta legitimizazioaren kontu honekin guztiarekin gogaituta nago. Niri gustatzen zait 19 urteko neska baten buruan sartzea, beti ere fikzio batetik. Hau ez da doktoretza tesi bat, fikizio bat da. Hain zuzen, horrek du grazia. Natasha ez da biografikoa, ez du harago joan nahi. Gero eta gehiago emango den errealitate batez hitz egiten du”.
Almandozek esan du nerabezarotik lehen gaztarora pasatzen diren urte labur horietan ematen den transformazioa azaltzen duen kontakizun bat dela, eta ideia hori jada azalean ageri da. Natasha bera agertzen da, baina begirada zorroztuz gero, hiru Natasha ageri dira. Orrazkera desberdinak koloreztatu ditu marrazkilariak, bata bestearen gainean jarrita. Zertarako? “Istorioan garapen bat dago, eta aproposa iruditzen zaitzaigun Natasha bera agertzea hiru orrazkera desberdinekin. Orrazkerek ere modu batean adinaren garapena azaltzen dute, eta ile mozketak ere bai. Hiru Natasha bakar batean adieraztea egokia iruditzen zitzaigun”.
Eta, kontrazalean, keinu txiki bat: Natasha eta bere ama argazki batean agertzen dira, marko eta guzti. Truebaren ustez, oso esanguratsua da. “Gaur egun sare sozialen bitartez argazki asko partekatzen dira, baina garrantzitsuak direnei markoa jartzen diegu, eta horiek guretzat gordetzen ditugu. Horrek pentsatzarazi egiten dizu, ea irudi digitala sartu zenetik zenbat argazki markodun ditugun, eta zenbat argazki gordetzen ditugun guretzat bakarrik”.