Mugan taldeak 'Bizirik ez bagaude' estreinako diskoa argitaratu du
Bizirik ez bagaude da Mugan donostiarren lehen diskoaren izenburua. Rockaren eta poparen nahasketatik harago doazen doinuak bildu dituzte. Letrekin zazpikoteak mezu argi bat bidali nahi izan du: “Sentitzeko beharraren aldarrikapen bat da. Norberaren egia eta kanpokoaren arteko talkak sortzen duenaren inguruko hausnarketa”. Taldeak aldarrikatzen duen sentimendu hori irudikatzea helburu, estruktura fisiko bat erabili du. Sentimendu hori baita kantu hauen “estruktura”, bizkar hezurra.
Abestiak MIK Estudioan ekoiztu, grabatu, eta nahastu dira Maikelen eskutik, ekoizpenean Mikel Irazokiren laguntza izanik. Azkenik, Estanis Elorza (Dr Master) izan da masterizazioan lan egin duena. Gainera, abesti batzuetan, Idoia Asurmendi, Asier Beramendi eta Jonxa Oiartzabal musikarien ekarpenak gehitzeko aukera izan du Muganek.
Diseinua hainbat artistekin egindako elkarlanaren emaitza da. Ideia eta marrazkiak Alex A. Aranbururenak dira. Digitalizazioa eta konposizio estetikoa, berriz, Ganbara Diseinuak taldearen eskutik iritsi dira. Albuma maiatzaren 27an argitaratuko da. Eta ekainaren 3an Donostian aurkezpen kontzertua egin ondoren, herriz-herri bueltaka ibiltzeko unea izango du Muganek.
Jarraian osorik entzun dezakezue: