Teilen hondarretatik altxatako fabrika
1903an zabaldu zuten Teila Fabrika Donostian, egungo Egia, Tejeria, San Kristobal eta Konkorrenea kaleen artean. Garai hartako auzoko lantegirik garrantzitsuena zen, eta haren 40 metroko tximiniak auzoaren erreferentzia bihurtu zuen, eraitsi zuten arte.

Teila Fabrika —Fabrica de Tejas y Ladrillos Eguia S.A.— 1903an inauguratu zuten. Argazkian ikus daitekeenez, kea hustutzeko 40 metroko tximinia bat zuen, eta horrek eraikina deigarria egiteaz gain, auzoaren erreferentzia bihurtu zuen lantegia, 1962an eraitsi zuten arte.
Gaur egun, garai bateko Teila Fabrika zegoen lekutik oso gertu, izen bera duen lanerako eta elkartzeko espazio bat dago Iruresoro plazan. Lantegi kooperatiboa 2019ko ekainean ireki zuten, komunitatea eta elkarlana sustatzeko helburuarekin. Hitzaldiak, erakusketak, prentsaurrekoak, ikastaroak eta kultur emanaldiak egiten dituzte bertan, besteak beste. Lan egiteko hemezortzi plaza ere baditu.
Gaur egungo Teila Fabrikaren webgunean zehazten denez, jatorrizko Teila Fabrikan 40 langile inguruk egiten zuten lan, gehienak Astigarragatik etorritakoak. “Horri esker, fabrikako giroa erabat euskalduna zen mende hasiera hartan”, jasotzen da bertan.
Garai horretako auzoko lantegirik “garrantzitsuena” izan zen. Teila lauak eta adreiluak egiten zituzten: lehenengoak Santiagomenditik eta Oialumetik (Astigarraga) ekarritako buztinarekin fabrikatzen zituzten, eta, bigarrenak, aldiz, beraien jabetzakoak ziren Kapitan-Enea, Konkorrenea eta Kullasenea harrobietatik lortutako lehengaiarekin.
Krisialdi batek eragin zuen Teila Fabrikaren itxiera, 1932an. Biltegian material eta soberakin asko geratu zitzaizkien, eta horiek saldu ostean, berriro piztu zituzten labeak. Hala ere, 1936an itxi zuten lantegia behin betiko, eta barruan zegoen guztia Lucilo Fernandez txatar-biltzaileak erosi zuen.
1961ean fabrika, barrakoiak, eta bertako bulego guztiak bota zituzten. Tximiniak, aldiz, 1962ra arte iraun zuen zutik.