Zenbat biztanle zituen Altzak 1936an?
Altza gaur egun Donostiako auzo baten moduan kontsideratuta badago ere, garai batean udalerri independentea izan zen, eta egungo auzoak baino zabalera handiagoa zuen: Altza, Bidebieta, Herrera, Intxaurrondo, Uliako zati bat eta Martuteneko zati bat hartzera heldu zen, eta Pasaiako badiaraino iristen zen. Hala izan zen 36ko gerrara arte, Gipuzkoa frankistek hartu ostean, Donostiaren mende gelditu baitzen, 1937an. Horrela, Altzako Historia Mintegiak Altza oraindik independentea zeneko biztanleen azken errolda berreskuratu du, 1936koa.
Erroldak 1935eko abenduaren 31n gaua etxean pasatu zuten guztien eta aldi baterako kanpoan zeudenen datuak biltzen ditu, eta, guztira, 5.976 biztanle zituen Altzak. Zazpi auzotan banatuta dago errolda: Kaskoa (143 biztanle), San Marcos (246 biztanle), Sarrueta (540 biztanle), Mirakruz (1.314 biztanle), Herrera (2.051 biztanle), Buenavista (535 biztanle) eta Molinao (1.147 biztanle). Horrez gain, Altzako Historia Mintegiak erroldako etxe guztien zerrenda zehatza bildu du, baita beste zenbait datu interesgarri ere. Guztiak Estibaus.info atarian kontsultatu ditzakezue.
Ekialdeko Barrutiaren ekimenez, Altzako azken udalbatza omendu zuten joan den urtean, Altzarengatik egindako lanarengatik. Hedabide honek udalbatza horrek egindakoa errepasatu zuen, luze eta zabal.