EAJk irabaziko ditu hurrengo udal hauteskundeak berriz ere, EITB Focus inkestaren arabera
Zinegotzi bana gehituko lukete EAJk eta EH Bilduk, eta bana galdu Elkarrekin Donostiak eta PPk; PSE-EEk, aldiz, egungo bost zinegotziak mantenduko lituzke.
Urtebete inguru gelditzen da hurrengo udal eta foru hauteskundeetarako –2023ko maiatzaren azken igandean izan beharko lirateke–, eta EITBk 27. EITB Focus inkesta egin du. Horrela, inkestaren arabera, 2019ko udal hauteskundeetako joera mantenduko litzateke: EAJ izango litzateke garailea, EH Bildu bigarren indarra, PSE-EE hirugarrena, PP laugarrena eta Elkarrekin Donostia bosgarrena. Era berean, Vox eta Ciudadanos udalbatzatik kanpo geldituko lirateke, berriz ere. Donostiako joera berak atzematen dira Bilbon eta Gasteizen ere.
EAJk, bozak irabazteaz gain, 2019ko emaitzak hobetuko lituzke: botoen %37,3 eskuratuko luke (2019an baino %1,5 gehiago) eta 11 zinegotzi izango lituzke (gaur egun baino bat gehiago). Era berean, EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraituko luke, eta EAJri gertatzen zaion moduan, zinegotzi bat gehiago izango luke: zazpi izango lituzke, eta orain sei ditu. Gainera, proportzioan botoen ehunekoa gehien igoko lukeen indarra izango litzateke: botoen %24,7 izango luke, 2019an baino %3,3 gehiago.
PSE-EEri dagokionez, hirugarren indarra izaten jarraituko luke, egungo bost zinegotziak mantenduz. Aldiz, babes gutxiago izango luke, botoen %16,5a izango bailuke, aurreko bozetan baino %1,2 gutxiago. Bestalde, PP eta Elkarrekin Donostia izango lirateke 2023ko udal hauteskundeetan gehien galduko luketenak: bina zinegotzi izango lituzkete, gaur egun baino bat gutxiago bakoitzak. Boto asmoari dagokionez, PPk botoen %8,6a jasoko luke (2019an baino %2,3 gutxiago), eta Elkarrekin Donostiarentzat izango litzateke botoen %8a, aurreko udal hauteskundeetan baino %2 gutxiago.
Alkatearen balorazioa
EITB Focusek Donostiako, Bilboko eta Gasteizko alkateen inguruan ere galdetu die herritarrei, eta Eneko Goia Donostiako alkateak 5,9ko balorazioa jaso du 10etik; hiru hiriburuetako bigarren alkate baloratuena da, Bilboko alkate Juan Mari Aburtoren atzetik (6,5) eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranen aurretik (5,2). Bestalde, inkestan parte hartu duten herritarren %96,4k esan dute Goia ezagutzen dutela, eta %77k Goiaren udal gobernuak egindako kudeaketa begi onez ikusten duela adierazi dute.
Goiaren hirugarren legealdia
Inkestaren emaitzak aintzat hartuta, ezusteko handirik egon ezean, Eneko Goia jeltzaleak bere hirugarren legealdia egingo luke Donostiako alkate gisa, 2023tik 2027ra. Era berean, PSE-EErekin batera gobernatuko lukeela aurreikus daiteke, hala egin baitu azken bi legealdietan. Izan ere, 27 zinegotzi ditu Donostiako Udalbatzak, eta EAJren eta PSE-EEren zinegotziak batuta, gehiengo absolutua izango lukete: hamalau izatearekin nahikoa izango litzateke, baina hamasei izango lituzkete.
Goiaren EAJk 2015eko udal hauteskundeetan irabazi zuen estreinakoz Donostian, 2011-2015 legealdian EH Bilduko Juan Karlos Izagirre alkate izan ostean; aurretik, PSE-EEko Odon Elorza egon zen hiriko alkatetzan, 1991tik 2011ra.
2015ko udal hauteskunde haietan, EAJk bederatzi zinegotzi eskuratu zituen (2011n baino hiru gehiago), PSE-EEk zazpi (2011n zituen berberak), EH Bilduk sei (bi gutxiago), PPk hiru (hiru gutxiago) eta Irabazik bi (orduan sartu zen udalbatzan). Lau urte geroago, 2019an, emaitzak modu nabarmenean hobetu zituzten jeltzaleek, hamar zinegotzi lortu baitzituzten, lau urte lehenago baino 5.000 boto gehiago eskuratuta. Bestalde, EH Bilduk bere sei zinegotziak mantendu zituen; PSE-EEk bi galdu zituen, zazpitik bostera pasata; eta PPk eta Elkarrekin Donostiak (estreinakoz koalizioan joan ziren Ezker Anitza-IU eta Ahal Dugu) hiruna zinegotzi lortu zituzten. Hemen kontsultatu ditzakezue 2019ko udal hauteskundeetako emaitzak, auzoz auzo.