EH Bilduk bost neurri proposatu ditu Donostiako etxebizitzaren arazoari aurre egiteko
Donostiako EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen igandean Garibai kalean, “hiriak pairatzen duen etxebizitza larrialdiari buelta ematen hasteko” bost neurri proposatzeko. Oposizioko taldeak etxebizitzaren arazoari buruzko kanpaina egin du azken asteotan, zenbait ibilaldi gidatu, hitzaldi eta bestelako jarduera eginez, eta igandeko ekitaldiarekin itxi du kanpaina hori.
Reyes Carrere bozeramaileak udal gobernuaren etxebizitza politikak gogor kritikatu zituen: “Eneko Goiaren etxebizitza politikak ez du balio izan egoerari buelta emateko. Are gehiago, Goiaren politikek, egin duenagatik eta, batez ere, egiten utzi duenagatik, arazoa larriagotu dute”. Era berean, alkateak urtarrilean Eldiario.es hedabideari eskainitako elkarrizketa batean honakoa esan zuela gogorarazi zuen: “Zure auzoan zahartu nahi izatea nahiko apetatsua izatea da”. “Imajinatzen al duzue gure inguruko edozein herri edo hiritako alkate batek gazteei esanez etorkizuna bere herritik urrun dagoela? Bada, horixe da Goia jaunak pentsatzen duena, esaten duena eta egiten duena”, salatu zuen Carrerek.
Bozeramaileak aitortu zuen ez dagoela etxebizitzaren arazoa konpontzeko “barita magikorik”, baina nabarmendu zuen “etxebizitza eskubideak espekulatzeko eskubidearen gainetik” egon behar duela. Horrela, EH Bilduko kide Izar Hernandok eta Maria Irigoienek alderdiak proposatzen dituen bost neurriak azaldu zituzten.
Bost neurriak
EH Bilduren lehenengo proposamena “alokairuaren prezioa mugatzea” da: “Donostia da alokairuaren prezioagatik arazo gehien dituen euskal hiria. Goia alkate denetik, %35 garestitu da alokairua, eta goraka jarraitzen du. Legearen bidez prezioak mugatu behar dira, jendea bere auzoetatik bota ez dezaten”.
Bigarrena etxegabetzeen aurkakoa da: “Martxoaren 22an, Azorak bere lehen maizterra kaleratu zuen Donostian. Iñaki Setienek [Rosa Maria Arratibel emaztearekin batera] ezin izan zion aurre egin inposatutako %33ko gehiegizko igoerari. Itxura guztien arabera, kaleratze gehiago egongo dira. Donostiak ‘etxegabetzerik gabeko hiria’ izan behar du berriro”. Ildo beretik, putre funtsak kanporatzea da EH Bilduren hirugarren proposamena: “Egoera okertu egin da etxebizitzarekin espekulatzea helburu duten inbertsio funts horiek Donostiara iritsi zirenetik. Gure hirira espekulatzera etortzea, eta lotsarik gabe adieraztea, elkarbizitzaren aurkako eraso zuzena da”.
Turismoan ere jarri du fokua EH Bilduk, etxebizitza turistikoen ingurukoa baita laugarren proposamena: “Goiak onartu egin du 45 hotel inguru ireki direla bere agintaldian. Gainera, lehen solairutik gorako ehunka etxebizitza turistiko legeztatu ditu. Eta horrek guztiak eragin negatibo handia izan du etxebizitzaren prezioan”.
Azkenik, etxebizitza soziala bermatzeko proposatu dute: “Milaka donostiar daude etxebizitza publiko baten zain, eta askok kanpora joan behar izan dute bizitzera. Alokairuko etxebizitza publikoen parkea handitu behar da, etxebizitza hutsak eraikiz, birgaituz eta etxe hutsak merkatura ateraz”.