Sara Alonso donostiarra hirugarren izan da bere lehen Zegama-Aizkorri lasterketan
Sara Alonso korrikalari donostiarrak (Donostia, 1999) igandean estreinakoz hartu zuen parte Zegama-Aizkorri mendi maratoian, baita emaitza bikaina lortu ere. Hain zuzen ere, emakumezkoen kategoriako hirugarren sailkatua izan da, 4:26:40ko denborarekin. Soilik Nienke Brinkman herbeheretarra (4:16:43, errekorra ezarri du) eta Maude Mathysi suitzarra (4:26:03) izan ditu aurretik, eta Alonso izan da, Aritz Egearekin batera, euskal herritarrik onena. “Inoiz amestutakoa baina ikaragarriagoa izan da”, adierazi du Alonsok pozik bere sare sozialetan, baita Aizkorrin bildutako zale guztiei eskerrak eman ere.
Gizonezkoetan, Kilian Jornet korrikalari kataluniarrak hamargarrenez irabazi du mendi maratoia, erraz eta errekor berria ezarrita: 3:36:40ko denbora egin du, aurreko marka zortzi minututan hobetuz. Bigarren izan da Davide Magnini italiarra (3:39:31), eta hirugarren Manuel Merillas espainiarra (3:45:43).
Pandemiaren ondorioz etenaldi luzea egin ostean, itzuli da Zegama-Aizkorri, eta zaleak gogoz zeuden, jendetza egon baitzen igandean Aizkorrin korrikalariak animatzen eta babesten. 09:00etan abiatu ziren proban parte hartu zuten 500 bat kirolariak, mendi maratoiaren 42 kilometroak egiteko.