Arima Soul bueltan da, 'Arima Du Got Soul' singlearekin
Arima Soul talde donostiarrak bere lehenengo disko luzea argitaratuko du udazkenean, baina lehenengo singlea plazaratu dute dagoeneko, bideoklip eta guzti: Arima Du Got Soul. Taldearen estiloari jarraituz, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako soul eta rhythm & blues kutsuko abestia da, baina neo-soularen ukitu garaikidearekin eta euskaraz. Plataforma digitaletan entzungai dago singlea, eta hemen ikus dezakezue bideoklipa:
Lidia Insausti abeslari donostiarrak eta Mikel Unzurrunzaga Makala baxu jotzaile zarauztarrak sortu zuten taldea 2020an, eta taldearen izen bereko EP bat argitaratu zuten urte amaieran, Paul San Martin pianista donostiarrarekin eta Hilario Rodeiro bateria jotzailearekin batera. Hedabide honek Insausti eta Makala elkarrizketatu zituen orduan, eta argi zuten proiektuaren norabidea: “Gure apustua soula euskaraz egitea da”.
Gaur egun, Gorka Gaztanbide iruindarra da taldeko bateria jotzailea, baina gainontzeko taldekideak berberak dira. Taldekideez gain, Donosti Lindy Hop elkarteko Ana Minguez dantzari donostiarrak hartu du parte Zarautzen grabatu duten bideoklipean, eta Broken Brothers Brass Band taldeko Ion Celestinok (tronpeta) eta Adrian Martinezek (tronboia) grabatu dituzte haizeak. Bestalde, Txarly Brownek egin du lan grafikoa eta Bideolanen esku egon da bideo errealizazioa. Donostiako Elkar musika estudioan grabatu dute udazkenean plazaratuko duten diskoa, Victor Sanchez soinu teknikariaren gidaritzapean.