Luca Sangallik eta Kevin Rodriguesek ez dute Realean jarraituko
2021-2022ko denboraldia amaituta, Reala taldea berregituratzen ari da hurrengo denboraldira begira, eta bi baja iragarri zituen astelehenean: Luca Sangalli eta Kevin Rodrigues.
Sangallik hamabost urteko ibilbidea egin du klub txuri-urdinean, Infantil Txiki kategoriatik lehenengo talderaino; azken denboraldia, aldiz Reala B-n jokatzen pasatu du. Lehenengo taldean lekua egitera heldu zen Sangalli duela hiru bat urte, eta, hain zuzen ere, San Mamesen 2019an jokatutako derbi batean sartutako gola izan zen bere unerik gorenena eta zale guztiek gogoratzen dutena. Hilabete batzuk lehenago, gainera, ictus bat pairatu zuen jokalariak; oztopoak ere gainditu behar izan ditu donostiarrak. “Lucak asko eman digu, guk baino gehiago berari, eta beti egongo gara eskertuta. Hau zure etxea da, Luca. Onena opa dizugu”, adierazi du Realak.
Rodrigues, aldiz, 2015ean heldu zen Reala B-ra, eta lehenengo taldera ere igo zen; 32 aldiz jantzi du lehenengo taldearen elastikoa. Ordea, ekainaren 30ean amaituko du bere kontratua, eta ez du klubean jarraituko. Realak bere “profesionaltasuna” eskertu du, eta onena opa dio etorkizunerako.
Bajak Reala B-n
Bigarren taldea ere hurrengo denboraldira begira jarri da, eta joan den astean iragarri ostean Xabi Alonso entrenatzaileak ez duela jarraituko, astelehenean iragarri zuten Jeremy Blasco eta Xeber Alkain jokalariek ere ez dutela klubean jarraituko. Biei ekainaren 30ean amaitzen zaie kontratua. Era berean, Cristo Romero, German Valera eta Enrique Clemente klub txuri-urdinera itzuliko dira, beste klub batzuetan utzita jokatu ostean.
Blascok hamabi urte egin ditu klubean, eta Alkainek zazpi. Horregatik, Realak “eskerrak” eman dizkie egindako lanarengatik, eta “onena” opa die “etorkizun pertsonalerako eta profesionalerako”.