Antiguako 50 dendak odola emateko deia egin dute

Ekainaren 14an Odol Emailearen Munduko Eguna dela eta, AntiguON Merkatari eta Zerbitzuen Elkarteak Antigua auzoan odola emateko kanpaina solidarioaren bigarren edizioa antolatu du. Egitasmo hau Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearekin elkarlanean sortu da, eta 50 merkatari elkartekide baino gehiagok hartuko dute parte. Gaur abiatuko da kanpaina solidarioa, eta ekainaren 14ra arte egongo da martxan.
Datozen bi asteetan 50 odol-emaile berri lortzea da antolatzaileen helburua. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek bereizgarriak izango dituzte erakusleihoetan, saltoki laguntzaile eta solidario gisa identifikatu ahal izateko. Gainera, informazio-liburuxkak banatuko dituzte bezeroen artean, Odola emateko bost arrazoi leloarekin, bezeroek odola emateko urratsa eman dezaten sustatzeko.
Dohaintzak astelehenetik ostiralera egin ahal izango dira, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen egoitzan (Manuel Lekuona kalea, 1), 08:30etik 21:00etara.