Donostia "berreskuratzeko" eta hiri eredua aldatzeko manifestazioa egingo dute ekainaren 18an
Donostiako hainbat auzo elkartek eta eragilek bat egin dute hiri eredua aldatzeko “behar larria” dagoela uste dutelako. Helburu horrekin, aldarrikapen partekatuak egiteko egitasmoak abian jarriko dituzte. Horietako bat da ekainaren 18rako antolatu duten manifestazioa. Donostia berreskuratu! Hiri eredua aldatu! lelopean, Araba parketik aterako dira 18:00etan.
“Donostiar gero eta gehiagoren sentipena argia da: hiria ez da bizilagunen beharren arabera aldatzen ari eta botere publikoek hiria herritarrentzat pentsatzeari eta horren arabera jarduteari utzi diote, administratzaile eta ekimen pribatuaren zerbitzu emaile bihurtuta”, azaldu dute deialdiarekin bat egin dutenek.
Hiritarrei zuzenean eragiten dieten erabaki garrantzitsuak, “interes ekonomiko pribatuen arabera” bideratzen direla gaineratu dute. “Eredu horrek ondorio gero eta kaltegarriagoak eragiten ditu herritarren gehiengoaren bizi baldintzetan: etxebizitza larrialdia, hiriaren ekonomia ereduaren prekarizazioa, kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa, hiriaren elitizazioa, ondare arkitektonikoaren suntsiketa, eta herritarren antolaketaren eta mugimenduen jazarpena”.
Horrengatik guztiarengatik, hiriko auzo elkarte eta eragile batzuek elkartzea erabaki dute: “Hiria merkatu interesen menpean jartzen duten politikei aurre egiteko eta eredua herritarren eta auzoen beharrei begira eraldatzeko indarrak biltzea premiazkoa dela nabarmentzen dugu. Hau da, bakoitzak bere auzoan eta jarduera eremuan lan egitearekin batera, auzi honetan kezka berdintsuak partekatzen ditugun talde eta pertsona guztien artean eragitea ezinbestekoa da gure ustez”.
Hona hemen bat egin duten auzo elkarteak eta eragileak:
- Abaraska etxebizitza kooperatiboa.
- Altza XXI herri ekimena.
- Amara Bai auzo elkartea.
- Ancora elkartea.
- AZPI Kultur Elkartea.
- Belartza 2 Gelditu.
- Bizilagunekin plataforma.
- CNT Gipuzkoa.
- Dendartean merkatarien elkartea.
- Donostiako Bilgune Feminista.
- Egia Bizirik auzo elkartea.
- Egiako Etxebizitza Sindikatua.
- Eguzki talde ekologista.
- Ehun mugimendua.
- ELA sindikatua.
- Ernai gazte antolakundea.
- Errausketaren aurkako mugimendua.
- ESK sindikatua.
- Groseko asanblada feminista.
- Haritzalde naturzaleen elkartea.
- Heriz plataforma.
- Herria kultur elkartea.
- Herripe auzo elkartea.
- Herritarren Harrera Sarea.
- Inquilinos de Azora.
- Intziri neska* gazte taldea.
- IZBE Intxaurrondo Zaharreko.
- Bizilagun Elkartea.
- Kaleratzeak Stop Desahucios.
- Donostialdea.
- LAB sindikatua.
- Morlanstarrak auzo elkartea.
- Oficina de Derechos Sociales.
- Ondare SS elkartea.
- Parkea Bizirik elkartea.
- Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea.
- Piztu Donostia.
- Satorralaia bizilagunen mugimendua.
- Ulia Auzo Elkartea.