Gorenak ez du Xabier Atristainen zigorra berrikusiko
Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek erabaki dute ez dutela berrikusiko Xabier Atristain preso ohi donostiarraren zigorra, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak horrela agindu bazuen ere. Estrasburgok urtarrilaren 18an ebatzi zuen Espainiak “prozesu justu eta ekitatezkoa” izatea eragotzi ziola Atristaini, inkomunikatuta izan zutenean ez ziotelako konfiantzazko abokatu bat aukeratzen utzi, ezta ofiziozkoarekin modu konfidentzialean hitz egiten utzi ere. Horregatik, otsailean, Espainiako Auzitegi Nazionalak behin-behinean aske utzi zuen donostiarra, eta Gorenaren esku zegoen sententzia berrikustea eta Estrasburgoko ebazpena betetzea.
Aldiz, Goreneko epaileek argudiatu dutenez, inkomunikazio garaian egindako deklarazioez gain, deklarazio horiekin lotuta ez dauden beste froga batzuk ere badituzte, eta horiekin ere ondorio berera iritsiko ziren Atristainen zigorraren oinarrian dauden gertaerei buruzko epaia ematean. Donostiarrari hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2013an, ETAko kidea izatea leporatuta.
Estrasburgoko sententziak dio Atristainen zigorra deklarazioen harira lorturiko frogetan oinarritzen da, eta Gorenak nabarmendu du deklarazio horiek “funtsezkoak” izan zirela “material esplosiboa aurkitzeko”: “Deklarazio horien ondorioz, Poliziak datu eta froga sendoak atzeman zituen, frogatzen dutenak eskatzaileak delitu horiek egin zituela”. Era berean, zera gaineratu du Gorenak: “Lehergaiak eta eskatzaileari atzemandako material informatikoa izan ziren zigorra ezartzeko oinarriak, baina baita beste akusatuen inkulpazio deklarazioak, lekukoen deklarazioak eta akusazioaren galderen aurrean eskatzaileak izandako isiltasuna ere”. Horrela, Gorenaren ustez, zigorra ez da berrikusi behar, dioenez, froga oinarria –armen esku hartzearena– ez zelako Atristainen deklarazioan oinarritu, beste froga batean baizik.
Horrez gain, Gorenak gaineratu du Estrasburgok ez dituela zalantzan jarri Espainiako legedia eta “delinkuentzia terroristagatik atxiloturikoen inkomunikazio erregimena epaile baten zaintzapean egiten bada, betiere”. Harago ere joan da: “Testuinguru horretan, justifikatuta egon daiteke ofiziozko abokatu batek atxilotua artatzea, eta inkomunikaturiko atxilotuaren eskubide batzuk murriztea, arrazoiak justifikatzen badira”.
Torturapeko inkomunikazioa
ETAko kide izatea leporatuta atxilotu zuten Atristain, 2010eko irailaren 29an. Torturapean egindako deklarazioetan, Atristainek bere burua hainbat ekintzatako erruduntzat jo zuen. Gainera, jarri zioten ofiziozko abokatua hainbatetan saiatu zen donostiarrarekin harremanetan jartzen, baina Guardia Zibilak inkomunikatuta zegoela esan zion; egoera ikusita, abokatuak uko egin zion Guardia Zibilaren aurreko deklarazioa sinatzeari. Orduan, bi urte egin zituen behin-behinean preso, 2012ko irailean aske utzi zuten arte, epaiketa egin arte. Ordea, 2013an hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta espetxera eraman zuten berriz; Estrasburgoko ebazpena gabe, 2027ra arte egongo litzateke preso. Hasieran Murtzia II espetxean izan zuten (830 kilometro), baina 2019an Soriara gerturatu zuten (260 kilometro) eta 2020ko urrian Euskal Herriratu zuten, Martutenera ekarrita.
Atxilotu bezain laster inkomunikatu zuten, Auzitegi Nazionalaren arabera, lehergaiak aurkitzeko ikerketa oztopatu zezakeelako. Horrela, inkomunikatuta zegoenean torturak jasan zituela salatu zuen Atristainek: kontatu zuenez, poltsa “askotan” egin zioten konortea galdu arte, goma aparrarekin biltzen zuten, bi aldiz botaka egin zuen eta, horren ondorioz takikardiak zituenez, botika bat eman zioten. Era berean, tortura psikologikoak ere salatu zituen, neska laguna atxilotzeko mehatxua egin ziotelako.
Atristainen abokatu Zigor Reizabalek otsailean nabarmendu zuen “aurrekari oso garrantzitsua” izan zitekeela Atristain auziko Estrasburgoko ebazpena, antzeko egoera bizi duten beste euskal presoei ere aplikatu beharko litzaiekeelako, eta asko daudelako egoera horretan. Hain zuzen ere, Etxerat elkarteak duela aste batzuk eskatu zuen Atristain auziko doktrina antzeko kasu guztietan aplikatzeko. Ordea, Gorenak aurre egin dio Estrasburgoko ebazpenari.