Udalak aurreikusitakoa baino 6,6 milioi euro gehiago jaso ditu
Donostiako Udalak 2021eko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu du, eta COVID-19aren aurreko egoera ekonomikoa berreskuratzeko bidea hartu duela adierazi dute. Horrela, aurreikusitakoa baino 6,6 milioi euro gehiago jaso ditu udalak, eta ekitaldia 2,7 milioi euroko superabitarekin itxi du. Aurkeztutako likidazioa soilik udalaren aurrekontu ekitaldiarena da eta ez ditu kontuan hartzen udalaren mendekoak diren 14 udal elkarte eta sozietateak.
Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Kerman Orbegozok ondorengoa nabarmendu du: “Diru sarrera arruntak 6,6 milioi euro gehiago izateak aurreikusitako diru sarreren %2 da. Hortaz, kontuan hartuta 2020an izandako gutxitzea, urte zail baten ondoren berreskuratze bidean jartzen gaitu”. Eta handitze horren arrazoi nagusiena da, udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik datorren diru sarrera aurreikusitakoa baino 5,8 milioi euro gehiago izan dela. Dena dela, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere likidazioa egin duenean, udalari 7,9 milioi euro bideratu dizkio, eta diru kopuru hori 2022ko ekitaldian sartuko da.
Tasa eta zergen diru sarrerei buruz, igoera handiena obrekin jabari publikoa okupatzeko ordaintzen den tasatik izandako diru sarrera izan da. Urte amaieran aurreikusitakoa baino 1,2 milioi euro gehiago jaso ziren. Halaber, Udalak 1,1 milioi euro gehiago jaso ditu Zergaren Errolda handitu delako, eta gainera, hondakinak biltzeko eta tratatzeko tasan aurreikusitakoa baino 0,4 milioi euro gehiago jaso ditu.
Bestalde, COVID19aren osasun larrialdiak hainbat sektoretan eragindako murrizketek zenbait tasa eta zergen diru sarrera txikiagoak izatea ekarri dute. Hortaz, udalak 0,6 milioi euro gutxiago jaso ditu ur eta saneamendu tasan, zerbitzuen sektorearen ur kontsumoa txikiagoa izan delako, ekitaldiaren zati bat itxita egon behar izan dutelako.
Mugikortasunak izan zituen murrizketek eragina izan dute TAOren diru sarrerak aurreikusitakoa baino 0,3 milioi euro gutxiagokoak izateko. Era berean, aparkalekuen kanon gehigarria aurreikusitakoa baino 0,3 milioi euro txikiagoa izan da. Gainera, udalak 0,4 milioi euro gutxiago jaso ditu ICIO delako zergatik, baimen kopurua gutxitu delako.
Aparteko diru sarrerak
Aurreikuspenak bete dira aparteko diru sarreren alorrean, Europako Funtsei buruz egindakoan izan ezik. Gai honi buruz egindako aurreikuspena 2022ra eraman da. Era berean, udalak ez du eskatu aurreikusita zuen 13 milioi euroko mailegua. Izan ere, diru sarrera arruntetik jasotako kopuruarekin konpentsatu da, bereziki, udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik jasotako kopuruarekin. Dena den, udalak 19,9 milioi euroko erreserba egin du, baldin eta sortu dituen diru sarrera guztiak kobratzen ez baditu baliabideak izateko. Horrenbestez, 2022ko kontuetan ez da desorekarik sortuko, eta hornitzaileek fakturak batez beste 30 eta 40 egun artean kobratu ahal izatea bermatuko du. 2021ean ordaintzeko batez besteko epea 44 egunetakoa izan zen.
Gastu arruntak eta inbertsioak
Iazko ekitaldian gastu arrunta aurreikusitakoa baino 10,7 milioi euro txikiagoa izan da; 1,3 gutxiago langile gastuan, 6 funtzionamendu gastutan, 2,4 diru laguntzatan, eta 1 karga finantziarioan. Inbertsioei buruz, udalak aurreikusitakoa baino 17 milioi euro gutxiago gastatu ditu. Gainera, 2022ko ekitaldian zalantzan zeuden 68,3 milioi euroko inbertsioak sartu dira. Horietatik, 46 milioi euro (%67) esleituta dauden eta burutzen ari diren proiektuak dira, eta 22,3 lizitazioan dauden eta laster esleituko diren proiektuak dira, besteak beste, segidakoak: Loiolako Kuartelen salerosketa, Eskusaitzetako urbanizazioa, Ekialdeko Barrutirako eraikina egokitzea edo Europako Funtsetan sartutako hainbat jarduketa.
Zorpetze maila
2021eko likidazioak erakusten du, udalak arrazoizko zorpetze maila duela. Finantza entitateei itzuli beharreko zorra 72,8 milioi eurokoa da. Eta zifra honek diru sarrera arrunten %22,27 ordezkatzen du. Gogoratu behar da, udalentzat arrazoizkotzat jotzen den zifra %72 dela, eta, gainera, Europar Batasunak gai honetan ezartzen duen muga %70 dela.