Zubietako erraustegiak 86 geldialdi izan zituen bere lehenengo urtean

Zubietako erraustegia 2020an hasi zen hondakinak errausten, eta Gorka Bueno telekomunikazioetako ingeniari eta iraunkortasuneko espezialistak eta Carlos Arribas fisikari eta industria kutsaduran adituak egindako azterlan baten arabera, bere lehenengo urtean 86 geldialdi eta berrabiarazte izan zituen. Gara hedabideak azterlana eskuratu du eta informazioaren berri eman du. Datua esanguratsua da, izan ere, Europako araudiaren arabera, erraustegiaren moduko azpiegiturek urtean geldialdi bat edo bi izan behar dituzte, mantentze lanak egiteko. Hain zuzen ere, Bizkaiko Zabalgarbiko erraustegiak hiru geldialdi izan zituen 2021ean.
Zubietako erraustegiko 86 geldialdiei dagokienez, 53 errausketa prozesuaren lehen lerroan izan ziren, eta beste 33ak bigarren lerroan. Aipatu hedabideak emandako informazioaren arabera, geldialdi eta berrabiarazte kopuru handia akats teknikoez harago doa, gas eta osagai kutsatzaileen isurketak eragiten baitituzte, eta, beraz, “ingurumen ondorio larriak” dituzte.
Isurketak
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) bere garaian esan zuen ez zela aurreikusten erraustegiaren isurketek “muga balioak eta atalaseak gainditzea inguruneko airearen kalitatea ebaluatzeko erabiltzen diren parametroei dagokienez”. Ordea, Gara-k argitaratu duenez, ez da horrela izan.
Hain zuzen ere, nitrogeno oxidoek isurtzeko muga balioak zazpi aldiz gainditu dituzte, karbono monoxidoaren emisioaren muga 250 aldiz baino gehiago gainditu da eta bere balio maximoa zazpi aldiz biderkatu egin da. Era berean, karbono organikoen guztizko jaulkipena 393 aldiz gainditu da, baimendutako maximoa zortzi aldiz gaindituz. Bestalde, gogorarazi behar da erraustegian industria arloko hondakinak errausten ari direla orain, tartean Zaldibarko zabortegira eramaten zituztenak.
GuraSOSen iritziz, azterlaneko datuek “zalantzan jartzen dute argi eta garbi neurriz gaindikoa eta kutsatzailea den instalazio baten bideragarritasun teknikoa eta legala, baita kudeaketaren porrota ere”.