Amable Ariasek Antzoki Zaharrean egindako lanak dohaintzan eman dizkiote San Telmo museoari
Amable Ariasen bikotekide ohi Maru Rizok San Telmo museoari dohaintzan eman dio 'Teatro Principal' seriea, eta 2023an erakusketa egingo dute.
San Telmo museoak balio handiko dohaintza jaso du: Amable Arias artistaren (Bembibre del Bierzo, Leon, Espainia, 1927 – Donostia, 1984) Teatro Principal seriea. Ariasek 1954. eta 1959. urteen artean egindako 61 akuarela eta arkatzez eta tintaz egindako 43 marrazkik osatzen dute seriea; urte haietan, Ariasen amak Antzoki Zaharreko arropazaindegian egiten zuen lan, eta artistak handik pasatzen ziren aktoreak, dantzariak eta bestelako pertsonaiak erretratatu zituen. Artelanez gain, garaiko zenbait artistek Ariasi sinatuta emandako argazki batzuk ere dohaintzaren parte dira. Dohaintza Egiako Tejeria kalean Ariasek zuen estudioan egin dute, Ariasen bizitzaren azken hamalau urteetan haren bikotekide izandako Maru Rizoren eskutik. Museoko zuzendari Susana Soto eta Donostiako alkate Eneko Goia ere han izan dira.
Sotok hartu du hitza lehenik, eta Rizo zoriondu du, “estudioan egindako lanarengatik”. Izan ere, arte galeria txiki baten antza du orain, Ariasen obra asko baitaude ikusgai. Era berean, alkatea han egotea “eskertu” du, “dohaintzak bi udal eraikin dituelako ardatz: Antzoki Zaharra eta San Telmo museoa”. Hain zuzen ere, alkateak nabarmendu du “oso pozik” joan dela dohaintzaren ekitaldira: “Ezin zen beste modu batera izan, honek hiriarentzako duen garrantziarengatik. Dohaintzak hiriaren ondarea aberastuko du, eta hiriaren ordezkari gisa nago hemen horregatik. Orain, obra guztia ondo erakusteko erronka daukagu, ezta, Susana?”.
Ildo horretatik, azaldu dute 2023an dohaintzan jasotako obrekin erakusketa bat egingo dutela San Telmo museoan bertan; lanek antzerkiarekin zerikusi handia dutenez, gainera, Dferia jaialdiaren barruan egingo dute erakusketa. Mikel Lertxundi arte historialaria izango da komisarioa, eta Mikel Gurpegi kazetariak Antzoki Zaharrari buruzko historia laburra idatziko du, erakusketa osatzeko. Izan ere, Sotok nabarmendu du dohaintza “arlo artistikotik harago” doala, Ariasek Antzoki Zaharrean erretratatutako artisten bidez, “antzokiaren eta hiriaren historia idatzi gabea idatzi daitekeelako”.
Rizo, Lertxundi eta Soto
Rizok azaldu duenez, erakusketa bat antolatzeko ideia Lertxundirekin estudioan zegoen egun batean atera zen: “Amableren lanak ikusten ari ginela, Lertxundik esan zidan ileak harrotzen ari zitzaizkiola”. Horrela, Sotorekin erakusketaren ideiari buruz hitz egiten hasi zen, eta egokiena dohaintza egitea izango zela erabaki zuen: “Iruditu zitzaidan Amableren pentsaerarekin bat zetorrela bere obra herritarrentzat izatea, Amable marxista baitzen, oso ezkertiarra. Horregatik, dohaintza egiteko ideia planteatu nion Susanari”.
“Susana zur eta lur gelditu zen”, gogoratu du Rizok, baina, azaldu duenez, laster hasi ziren dohaintzaren aukera aztertzen. “Lasaitasunez hartzea erabaki genuen, dohaintza bera eta erakusketa osoak izan zitezen, antzokiaren historia idatzi behar zelako, eta abar”, kontatu du Sotok.
Bizitza eta obra
Rizok nabarmendu du “ezinbestekoa” dela Ariasen bizitza “ezagutzea eta ulertzea”, haren obra ulertzeko. Horregatik, gogorarazi du Arias Leongo herri industrial batean jaio zela, eta, 9 urte zituela, istripu larri bat izan zuela tren batekin: “Hamalau ebakuntza egin zizkioten, baina ez zuten guztiz osatzea lortu, eta bizitza guztia makuluekin pasatu zuen”. Horrela, Ariasek 14 urte zituela, familia guztia Donostiara etorri zen, haren aitari eskaini zioten lanpostu batengatik. Ordea, aitak “sekulako tratu txarrak egiten zizkien Amableri eta haren amari”, Rizok deitoratu duenez: “Nolakoa izango zen egoera, frankismo bete-betean ere, epaile batek tratu txarrengatik zigortu zuela Amableren aita, eta hiritik joan behar izan zuela”.
Aitak alde eginda, oso egoera txarrean zeuden Arias eta bere ama, dirurik ez zutelako eta Ariasek tratamenduak eta zaintza lanak behar zituelako istripuaren ondorioengatik. Horrela, ama Antzoki Zaharreko arropazaindegian lan egiten hasi zen, eta horrek Ariasi beste mundu bat ireki zion, Rizoren esanetan: “Horren pobrea izan zen ekonomikoki eta intelektualki, Antzoki Zaharrak ezagutzen ez zuen beste mundu bat erakutsi ziola, eta liluratuta gelditu zen”. Orduan ezagutu zuen mundu horretako pertsonaiak erretratatzen aritu zen, beraz, Arias, eta obra hori da San Telmo museoari dohaintzan eman diotena. Gainera, Rizok nabarmendu du Ariasek ia “formakuntza artistikorik jaso gabe” egin zituela lan horiek: “Aurretik, Ascensio Martiarenarekin klase batzuk hartu zituen soilik”.
Artistaren bizitzari eta izateko moduari buruz luze eta zabal hitz egin du Rizok, eta, besteak beste, “boterearekin oso gogorra” izan zela gogorarazi du Rizok, baita horregatik “baztertua” izan zela ere: “Denborarekin ikusita, ez dago horren gaizki bere garaian baztertua izan izana; ez zenez inoiz modan egon, ez da modaz pasatu”. Hain zuzen ere, horrekin lotutako bitxikeria bat gogora ekarri du Sotok, esku artean zuen testu bat irakurrita. Kontatu duenez, frankismoaren garaian udal eraiki batean egin zuen erakusketa batean, Ariasek emakume baten biluzi bat jarri zuen ikusgai, eta garaiko alkateak hala aginduta, koadroa erre egin zuten. Sotok irakurri duen testuaren arabera, alkateak agindu zuen halako Ariasen edo beste edozein artistaren halako artelan gehiago ez erakusteko udal eraikinetan, eta Jose Luis Zumetak eta Jose Antonio Sistiagak Arias babestu zuten, alkatearen aurrean. “Koadro hori gordeta daukat oraindik; zehazki, koadroko emakumearen genitalen zatian dago erreta. Garaiko zentsura eta matxismo izugarria erakusten du horrek”, gaineratu du Rizok.
Bestalde, kontatu du Gipuzkoako Artisten Elkarteko zuzendaritzan zegoenean artearen munduak aurrera egin zezan lan handia egin zuela: “Esther Ferrerrekin batera, artea ordura arte egindakotik harago joateko borrokatu zuen beti”. Ildo horretatik, Jose Antonio Sistiagarekin ere harreman handia izan zuela aipatu du.