Udako mintzalagunen izen-ematea jarri du martxan Bagerak
Mintzalagunak. (Argazkia: Irutxuloko Hitza) Ohi bezala, udan ere mintzapraktikarako taldeak osatuko ditu Bagerak uztailean eta abuztuan. Aukera dago hilabete batean edo bitan parte hartzeko, eta ikasturteko funtzionamendu bera izango dute, astean behin ordu betez mintzapraktika egitea. Izen-ematea ekainaren 1etik 20ra egin ahal izango da, esteka honetan.
Bestalde, ekainean zehar beste jarduera batzuk ere antolatu ditu Bagerak. Ekaineko Bikografiak: bi ibilbide elkarrizketan saioan Lur Olaizola Lizarralde (zinemagilea) eta Harkaitz Martinez de San Vicente (Oreka Tx) elkarrizketatuko dituzte. Gidari lanetan Maite Bidarte (kazetaria) arituko da. Bi parte hartzaileen biografien errepasoa izango da saioaren ardatza. Elkarrizketa aurrez aurre ikusteko aukera izango da ekainaren 7an, arratsaldeko 18:00etan, Teila Fabrikan.
Eta bukatzeko, ekainaren 23an San Joan lore-sorten banaketa egingo dute, Alde Zaharrean, Antiguan, Aieten, Amara Berrin, Egian eta Grosen. Orduak eta lekuak zehaztu gabe daude oraindik.
