Xabier Atristain atxilotu eta Martutenen espetxeratu dute
Gaur eguerdian Xabier Atristain preso donostiarra atxilotu du Ertzaintzak Parte Zaharrean, eta Martuteneko espetxera eraman dute. Espainiako Auzitegi Gorenak atzo haren zigorra berriro aztertzeari uko egin ondoren, Atristain atxilotu eta espetxean sartzeko agindua eman dute. Espetxeratzearen aurrean, Sarek elkarretaratzera deitu du gaurko, hilaren 2rako, Bulebarrean, 19:00etan.
Atristain otsailaren 17an atera zen Martuteneko espetxetik, behin-behinean aske gelditu ostean. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an ebatzi zuen Espainiak “prozesu justu eta ekitatezkoa” izatea eragotzi ziola Atristaini, inkomunikatuta izan zutenean ez ziotelako konfiantzazko abokatu bat aukeratzen utzi, ezta ofiziozkoarekin modu konfidentzialean hitz egiten utzi ere. Horrela, Espainiako Auzitegi Nazionalak donostiarraren zigorra etetea erabaki zuen, Auzitegi Gorenak Estrasburgoko sententziaren inguruko ebazpena atera bitartean.
Urtarrilean, Estrasburgoko ebazpenaren berri izan zutenean, Atristainen defentsak helegitea aurkeztu zuen Gorenean, Estrasburgoko sententzia bete zedin. Hain zuzen ere, zigorra bertan behera uzteko eskatu zuen donostiarraren abokatuak, eta hala egitea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak, behin-behinean.