"Añorgak gustatzen zitzaiguna egiteko aukera eman zigun"
Emakumeen futbola gizartean merezi duen lekutik gero eta hurbilago dago, besteak beste, Reala historia egiten ari delako. Ordea, aurretik izan zen historia egin zuen nesken futbol talderik Donostian. Hain zuzen ere, Añorgak hiruna liga eta Kopa irabazi zituen 1990eko hamarkadan. 30 urte bete berri dira lehenengo liga irabazi zutenetik, eta, urteurrenaren bueltan, Marian Arizeta (Añorga, 1966), Ixiar Bakero (Goizueta, Nafarroa, 1969), Mamen Kapaldegi (Aiete, 1965), Idoia Alberdi (Antigua, 1969) eta Ainhoa Bakero (Goizueta, Nafarroa, 1972) jokalari ohiak eta Jexux Berra (Antigua, 1960) entrenatzaile ohia elkartu ditu IRUTXULOKO HITZAk.
Goazen 1992ra, Alcobendasen aurkako azken partida hartara. Ligako txapeldunak zineten, ofizialki.
Marian Arizeta (M.A.): Azken partida hori hemen izan zen, Añorgan, eta ligako trofeoa eman ziguten. Gainera, Alcobendasek korridorea egin zigun.
Nolakoa izan zen denboraldi hori?
M.A.: Emaitzak errepasatzen nabil, eta urtarrilaren 12rako, liga irabazita geneukan. Oiartzunen aurka jokatu genuen egun hartan Añorgan, eta 2-1 irabazi genuen. Oraindik hiru partida gelditzen ziren, baina hemen jartzen du [garaiko egunkari zati batean]: “El Añorga vence al Oiartzun y se proclama campeón por adelantado” [“Añorgak Oiartzun garaitu du eta txapelketa amaitu aurretik irabazi du liga”].
Ixiar Bakero (I.B.): Ez naiz gogoratzen, 30 urte pasa dira… Jexuxek hobeto jakingo du.
Jexux Berra (J.B.): Oso argi ditut denboraldi hartako partidak. Lehenengo partida Bartzelonaren aurka izan zen, hau da, aurreko denboraldiko Kopako finala errepikatzen zen. 0-0 joan ginen atsedenera, baina, bigarren zatian, bi gol sartu genituen, eta 2-0 irabazi genuen. Ondo hasi ginen.
Bigarren partida, niretzat, entrenatzaile gisa, inflexio puntu bat izan zen. Izan ere, Madrilen jokatu genuen, eta oso erraz irabazi genuen; 0-3, edo horrelako zerbait. Konfiantza handiz jokatu genuen, atsedenera abaintaila handiarekin iritsi baikinen. Madrilen horren erraz eta ondo irabazi izanak ikusgarritasun gehiago eman zigun. Ordurako, Ixiar eta Marian, besteak beste, Espainiako selekzioarekin jokatzera joaten ziren, baina, partida horren ondoren, Idoia Sarasa ere eraman zuten. Eta, Arantxa Iradiri ere esan zioten joateko, baina ezetz esan zuen.
Bestalde, denboraldi hartako beste partida garrantzitsu bat Oiartzunen aurka Ugaldetxon jokatutakoa izan zen. Urriaren 12a, Pilarika eguna. A priori partida zaila zen, baina esango nuke neurketa horretan ere atsedenera 0-3 iritsi ginela, sekulako erraztasunarekin. Partida hartan, Idoiak [Alberdi] ez zuen hasieratik jokatu, zelaia oso zabala zenez, aurrelari bakarrarekin jokatu genuelako.
Idoia Alberdi (I.A.): Baina, gero aterako nintzen, ez?
I.B.: Orduan ez zizun azalpenik eman, baina orain, 30 urte beranduago, bai! Inoiz ez da berandu! [barrez].
J.B.: Behin baino gehiagotan egin nuen hori, ez pentsa!
I.A.: Bai, baina azalpena 30 urte beranduago ez, orduan eman behar zenidan! [barrez].
J.B.: Bitxikeria gisa, partida hartan Nerea Urkola hasieratik jokatzen jarri nuen, berari aurretik ezer esan gabe. Asteasuko neska gazte bat zen, gerora internazionala izan zena, baina orduan 15 bat urte izango zituen. Hamabost minutu inguru jokatu zituen, eta aldatu behar izan nuen; zeren, horren urduri zegoen, giharrak erabat zurrundu zitzaizkiola.
Bi partida horiek, Madrilgoa eta Oiartzungoa, ondo gogoratzen ditut, izugarriak izan ziren.
Jexux da denboraldi hura hoberen gogoratzen duena!
M.A.: Hainbeste urte pasa dira…
I.B.: Partida asko dira, eta, gainera, urte haietan asko irabazi genuen. Erraz eta asko irabazten genuen. Liga soilik behin irabazi izan bagenu, agian hobeto gogoratuko genuen, baina hiru liga eta hiru Kopa irabazi genituen…
M.A.: Gainera, irabazteaz gain, hainbat denboralditan bigarren gelditu ginen, bai ligan eta bai Kopan.
Gainera, liga hori partidarik galdu gabe irabazi zenuten: Sabadellen aurka berdindu eta besteak irabazi.
J.B.: Azken-aurreko partida izan zen Sabadellgoa. 2-3 irabazten ari ginen, baina azken momentuan jokaldi hori iritsi zen… Falta jaurtiketa bat, eta hanka sartu zuen batek…
I.B.: Lehen esan duzu izena, bada! Esan orain ere!
J.B.: Ez dut izenik esango! [barrez]. Baina, goitik izan zen.
Ondo ospatuko zenuten liga hori, ezta?
J.B.: Bazkari bat egin zen, eta giltzatako bat eman ziguten, oroigarri moduan.
I.A.: Eta, Añorgara iristerakoan, suziriak bota zituzten.
I.B.: Hemengo baserri batekoak etxafuegoak botatzen zituen beti. Horrez gain, familiako lau katu genituen hemen itxoiten ospatzeko, ezer gutxi gehiago. Bestalde, udalak eta aldundiak harrera egin ziguten, hori bai.
Denboraldia hasi zenutenean, uste zenuten liga irabazteko gai izango zinetela?
I.B.: Bagenekien goian egongo ginela. Talde guztiak ezagutzen genituen, eta aurreko urteetako emaitzak ikusita, bagenekien goiko postuetan bukatuko genuela.
M.A.: Liga erabakitzen zuten lauzpabost partida egoten ziren: Oiartzun, Oroquieta, Bartzelona…
I.B.: Partida horiek oso garrantzitsuak ziren, eta bagenekien horietan lortzen genituen emaitzen araberakoa izango zela liga irabaztea edo ez irabaztea. Izan ere, gainontzeko partidak, a priori, irabazi egingo genituen.
Aurretik, 1990ean, Espainiako Kopa irabazi zenuten. Zuen lehenengo garaipen handia zen.
I.B.: Oso ona izan zen hori. Albaceten irabazi genuen, eta autobusean conga dantzatu genuen.
M.A.: Aurreko urtean, gainera, txapeldunorde gelditu ginen, Alcobendasen aurka 4-2 galduta.
J.B.: Hiru aldiz irabazi genuen Kopa, eta hainbat denboralditan egon ginen finalean eta finaletik gertu. Gogoratzen dut Oroquieta Villaverderen aurkako kanporaketa bat… Ez nintzen oso bizi ibili kanporaketa horretan. Madrilen izan zen joaneko partida, eta sistema aldatu nuen…
I.B.: Zuk egin zenuen huts, beraz! [barrez].
J.B.: Lehenengo aldiz, hiru atzelari jarri nituen soilik. Ez zen partida txarra izan, baina 1-0 galdu genuen. Uste nuen itzulerakoan irabaziko genuela, baina 1-2 galdu genuen.
I.A.: Beste urte batean, uste dut 1988-1989ko denboraldia zela, hainbat orduz luzatu ginen Oroquietaren aurkako finalerdietan, Añorgan.
Mamen Kapaldegi (M.K.): Bihotzekoak emateko modukoa izan zen hori!
I.A.: Han 2-0 galdu genuen, eta hemen luzapenera eta penaltietara joan ginen. Zelaia jendez lepo zegoen, eta, azkenean, irabazi egin genuen.
A.B.: Denboraldi hartan Añorgan ikusle gehien bildu zituen partida izan zen.
1990eko hamarkadan hiruna liga eta Kopa irabazi zenituzten. Zergatik izan zenuten nagusitasun hori?
M.A.: Añorgak emakumeen futbol taldea zuenez, probintziako jokalari asko hona etortzen ziren jokatzera, eta horrek gure alde egin zuen.
A.B.: Azkenean, Añorga eta Oiartzun izan ziren emakumeen futbolean talde aitzindari nagusiak hemen. Garai hartan, neskek ez zeukaten futbolean jokatzeko aukera asko, baina Añorgan nesken talde bat zegoela entzuten zutenean, inguruko herri guztietatik etortzen ziren. Hasieran, bi talde izatera heldu ziren. Azkenean, talde polit eta lehiakor bat sortu zen. Horrek gero eta jende gehiago erakarri zuen. Kate bat da.
M.A.: Orain Realean gertatzen dena gertatzen zen orduan Añorgan: Gipuzkoa osoko jokalariak etortzen ziren.
J.B.: Beste gauza garrantzitsu bat izan zen ni entrenatzaile lanetan hasi nintzenean astean bi egun entrenatzetik hiru egun entrenatzera pasa ginela. Aurreko entrenatzailea, Jose Luis [Alzugarai], Berakoa zen, eta handik etorri behar zuen entrenamenduetarako. Ordea, niretzat, Antiguatik hona etortzea ez zen ezer.
I.A.: San Sebastian egunean ere, ezta? [denak barrez].
Zer gertatzen da, bada, San Sebastian egunarekin?
J.B.: Urte haietako batean, San Sebastian eguna ostiral batean izan zen, eta guk ostiraletan entrenatzen genuen. Ez nien jai hartzeko aukerarik eman.
I.B.: Etorri ginen entrenatzera, e!
I.A.: Nola etorri ginen… Hori beste kontu bat da.
J.B.: Entrenatzailearen aurka matxinatzen saiatu ziren, baina, azkenean, fin ibili ziren eta etorri ziren. Hurrengo egunean, autobusa hartu eta ligako partida jokatzera.
Halako bitxikeria gehiago izango dituzue, ziur.
J.B.: Besteren bat badago bai… Lehenengo liga irabazi eta hurrengo urtean [1992-1993ko denboraldian], Kopa irabazi genuen, eta ligan bigarren gelditu ginen; ez dakit zergatik, hanka sartzeren bat egingo nuen nik… Kontua da Kopako finalerdietako itzulerako partida igande arratsalde batean zela, eta Marian larunbatean ezkontzen zela. Bada, ezkontzaren ondoren ere, Marianek eta hauek guztiek jokatu zuten, eta irabazi genuen, noski.
I.B.: Ez dakit nola, baina jokatu genuen!
A.B.: Kristoren ajearekin!
Zuetako batzuk Espainiako selekzioarekin ere joan zineten garai hartan.
M.A.: Selekzioaren partida batean, zelaian geunden hamaika jokalarietatik zortzi euskal herritarrak ginen: Añorgakoak, Oiartzungoak, Sondikakoak…
Horrez gain, Gipuzkoako selekzioa ere bazegoen, eta gehien-gehienak Añorgakoak eta Oiartzungoak ginen. Ondoren, Euskal selekzioa sortu zen, eta hara ere Añorgako jokalari asko joaten ziren.
Txikitatik gustatzen zitzaizuen futbola?
I.A.: Betidanik! Ikastolan, jolas orduetan-eta, futbolean ibiltzen ginen beti.
Gipuzkoa aitzindari izan zen emakumeen futbolean. Zergatik?
A.B.: Añorgaren kasuan, mutilak entrenatzen zituen gizon baten ekimenez sortu zen nesken taldea. Ikastolatik atera zen taldea: gizon horren alabak han ikasten zuen, eta alabaren ingurukoekin sortu zuen. Handik, hondartzan jokatzera pasatu ginen, eta, gerora, zelaian jokatzen hasi ginen. Hasieran, hondartzan, nesken bi taldek baino ez genuen jokatzen, eta pixkanaka gehiago gehitzen joan ziren. Esan behar da gizon gutxi batzuk izan zirela nesken taldeak funtzionamenduan jarri zituztenak. Horri esker, guk gustuko genuena egiten genuen.
M.A.: Carlos Romero izan zen Añorgako taldea sortu zuen gizona, eta sekulako lana egin zuen guk aurrera egiteko.
I.B.: Mutilen taldeak leku guztietan zeuden, eta futbolean jokatu nahi zuten neskak ere bai. Hemen, Carlos Romerok eta zuzendaritzan zeudenek nesken taldearen aldeko apustua egin zuten, eta taldeak aurrera egin zuen. Beste leku batzuetan, aldiz, agian nesken taldeak sortzeko ahaleginak egingo zituzten, baina ez zuten babesik jasoko. Orduan, Añorgan, Oiartzunen eta beste leku batzuetan kristoren taldeak sortu ziren, klubak zuzentzen zituzten gizonek apustua egin zutelako. Gu Añorgan bizi ginen, eta Añorgak gustatzen zitzaiguna egiteko aukera eman zigun, baina Añorgan sortu ordez taldea Lasarten sortu izan balitz, hara joango ginatekeen.
Añorgak, beraz, futbolaren atea ireki zizuen.
M.K.: Ni, adibidez, Aietekoa naiz, eta han nesken eskubaloi taldea zegoen, betidanik. Han jokatzen nuen, ez zegoelako beste ezer. Ordea, esan zidatenean Añorgan nesken futbol talde bat zegoela, hona etorri nintzen.
I.B.: Nik atletismoa egiten nuen, Hernanin.
M.A.: Nik ere eskubaloian jolasten nuen, baina momentu batean bi kirolen artean aukeratu behar izan nuen.
I.A.: Ni atletismoan ibiltzen nintzen, gero areto futbolera pasatu nintzen, eta gero honetara.
A.B.: Nik dantza egiten nuen futbolaren aurretik.
J.B.: Nik 62 urte ditut, eta Santo Tomas Lizeoan ikasten nuenean, neskak gurekin jokatzen zuten futbolean, briletean edo dena delakoan. Gelak mistoak ziren ikastoletan, eta egia da horrek asko lagundu duela. Hain zuzen ere, nire adineko neskak, Santo Tomas Lizeokoak, Espainiako txapeldun gelditu ziren atletismoan 1974an edo 1975ean. Esan nahi dut nire garaian ere Gipuzkoan emakumeen kirolak indarra zuela. Zerbait ondo egin dugu hemen. Horrez gain, uste dut gipuzkoarrak oso ondo lehiatzen garela; pazientzia asko daukagu eta txintxoak gara.
I.B.: Asko inplikatzen gara. Guk ez genuen entrenamendu bakar batean ere huts egiten.
M.A.: Elurretan entrenatu dugu, hondartzan itsasgorarekin jokatu dugu…
A.B.: Hasieran, ez genuen Añorgako futbol zelaian ere entrenatzen, Amassorrain ikastolan baizik. Partidak Usurbilen jokatzen genituen, ez ziguten uzten hemen jokatzen.
J.B.: Garai hartan, Añorgako jubenilen taldea oso maila altukoa zen, eta zelaia belar naturalekoa zenez, ez hondatzeko, beraiek baino ezin zuten erabili. Kadeteei ere ez zieten uzten hemen jokatzen.
M.A.: Finalerdietan eta halako partida garrantzitsuetan baino ez ziguten uzten.
Urte haietako oroitzapen bereziren bat daukazue?
M.A.: Nagusiki, autobus bidaia luzeak gogoratzen ditut nik. Hainbeste ordu ziren, azkenean familia bat ginela. Batzuetan, gainera, autobusean lekua bazegoen, gure lagunak edo senideak ere bidaietara etortzen ziren. Kartetan jolasten ibiltzen ginen batzuk, beeste batzuk ikasten, eta abar.
I.B.: Mus txapelketa egiten genuen, adibidez.
J.B.: Beste bitxikeria bat. Behin, Alcobendasera iritsi ginen, eta, ez dakit zergatik, arazoren izan zen aldagelekin. Azkenean, autobusean bertan aldatu zineten.
I.B.: Egia da! Ez nintzen gogoratzen. Mutilen partidak egongo ziren, eta ezingo genituen aldagelak aldi berean erabili, edo horrelako zerbait.
A.B.: Nik beti gogoratzen dudan bitxikeria Bartzelonakoa da. Camp Noun sartu ginen autobusarekin, Camp Nouko aldageletan aldatu ginen eta estadioko pasilloak zeharkatu genituen, baina aparkalekuan jokatu genuen. Bi ate zeuden jarrita, lur zanpatuko zelai batean, eta han jokatu genuen. Hau da, gure aldagelak Camp Noukoak ziren, baina zelaia aparkalekua zen. Ondoren, Camp Nouko partidaren bat ikustera gonbidatu gintuzten, hori bai.
Garaiko prentsak zuen partiden eta garaipenen berri ematen zuen?
M.A.: Gutxi. Finalerdietan, finaletan eta halako partidetan El Diario Vasco-koak eta ETBkoak etortzen ziren.
I.B.: Elkarrizketa batzuk ere egiten zizkiguten.
A.B.: Beti zen horrelako neurketetan; bestela, ezer gutxi.
M.A.: El Diario Vasco-k Añorgari buruzko ataltxo bat zeukan, auzoko guraso batek zeramana, eta Añorgako gauzen inguruko kronikatxoak egiten zituen: batzuetan gure partidenak, beste batzuetan dantza emanaldienak, jaienak…
Ez zegoen zuen ibilbidearen jarraipen berezirik?
J.B.: Ez bereziki, ez. Egin-ekoak deitu ohi zigun partidak bukatzean, edo guk deitu behar genion batzuetan, eta gure emaitzen berri ematen zuen.
A.B.: Baina, gureak ez zeukan adibidez gaur egun Realak duen oihartzuna.
J.B.: Ser irrati kateko Gabi Ramosi ere deitzen genion emaitzen berri emateko, eta berak irratian kontatzen zuen. Baina gure ezaguna zelako, besterik gabe.
I.B.: Herri Irratiko Joseba Urdangarini ere deitzen genion, eta gauza bera egiten zuen, baina gauza bera, elkar ezagutzen genuelako. Gauza gutxi ateratzen ziren, baina bueno, hastapenak ziren.
I.A.: Zerbaitetarako balio izan du!
Profesionalak sentitzen zineten?
[Denak, barrez]: Ez, ez…
A.B.: Ez ginen profesionalak, inondik inora.
J.B.: Dirua galtzen zen.
M.A.: Begira, Espainiako selekzioarekin joaten nintzenean, dirua galtzen nuen. Izan ere, selekzioarekin joaten nintzen egunetan lanik ez egiteagatik kentzen zidaten selekzioak ordaintzen zidana baino gehiago. Bidaiak eta hotelak ordaintzen zizkiguten behintzat, hori bai. Bai selekzioan eta bai Añorgan. Egia da guregatik ere dirua sartzen zela. Esan behar da, baita ere, gure jantzietan ez zutela asko gastatzen: gainean josten zizkiguten gauza berriak, bakoitzak berea garbitzen zuen, eta abar.
I.B.: Leku gehienetan gertatzen zen hori.
Auzoaren eta hiriaren babesa zenuten?
A.B.: Auzoko jendea etortzen partidak ikustera, eta asko animatzen zuten. Hirian, nik uste dut partida garrantzitsuen harira gogoratzen zirela gurekin.
I.B.: Gainera, lehenengo mailako zelai askotan jokatu genuen: Atotxan, La Romaredan, Las Gaunasen, Riazorren, Camp Noun, eta abar. Mutil askok ezin dute hori esan.
J.B.: Hain zuzen ere, Atotxan nireetako bat egin nuen. Oker ez banago, aurretik abisatu gabe, Eli Capa Atotxan jokatu genuen partida batean jarri nuen debutatzen. 15 urte izango zituen, eta lehen mailako zelai batean egin zuen debuta!
Zuek ireki zenuten emakumeen futbolaren bidea hemen, eta, horri esker, neska gazteek gero eta emakumezko erreferente gehiago dituzte kirolean. Zuek halakorik izan zenuten?
I.B.: Guk ez genekien gure aurretik emakumeen futbola existitu zenik ere; zer erreferente izango genituen? Mutil kirolariak genituen erreferentetzat. Gerora, jakin dugu gure aurretik egon zirela emakume futbolari batzuk, baina ez genuen halako erreferenterik.
A.B.: Poza ematen du oraingo haurrek eta gaztetxoek emakume kirolari erreferenteak izatea.
I.B.: Hala ere, gu behintzat ez gaituzte ezagutu, zuzenean Realekoak ezagutu dituzte. Ordea, guk irabazi genuen guztia ikusita, uste dut oraindik lanketa handia egin behar dela hori ezagutarazteko. Izan ere, gaur egun goi mailan dauden talde askok guk baino txapelketa gutxiago irabazi dituzte. 30 urte pasa badira ere, oraindik ez gaituzte harrapatu.