Donostian lehiatu, eta museoan amaitu
1925ean Donostian egin zen Grand Prix lasterketan parte hartu zuen auto bat Bilboko Guggenheim museoan jarri dute. 'Motion. Autos, art, architecture' erakusketan izango da ikusgai, irailaren 18ra arte. Bugatti Type 35 bat da, lasterketa hartan Pierre de Bizkaiak gidatu zuen.

Bilboko Guggenheim museoa bisitatzeko planik izanez gero, kontuan hartu Donostiarekin harreman estua duen pieza bat aurkituko duzuela bertan: Bugatti etxearen Type 35 modeloko auto urdin bat.
Motion. Autos, art, architecture izeneko erakusketan geldirik dago orain, baina bere azalpen testuak adierazten duenez, ez da beti dekorazio elementu soil bat izan. 1925ean, Donostiako Grand Prix lasterketan lehiatu zen.
Estatu mailan, lehenengo Grand Prix lasterketak Donostian egin ziren, 1923. eta 1929. urteen artean. Zehatzagoak izateko, eta egiari zor, Lasarten hasten ziren, baina herriak ez zuenez udaletxe propiorik, bere lurrak Donostiarenak eta alboko herri batzuenak ziren. Belle epoque garaian, Europa osoko pertsona dirudunen erakarpen turistiko bat izateko sortu ziren lasterketa horiek. 1923an egin zen lehenengo hori hiriko II. Erakustazokako beste egitasmo bat izan zen, eta uztailean antolatu zuten.
Baina gatozen berriro ere Bilboko museoan gaur egun ikus daitekeen ibilgailuaren inguruko xehetasunak ematera. Matthew Foremanek idatzitako azalpen testuaren arabera, autoa 1924an egindakoa da, eta lehen aipatu bezala, Donostiako lasterketan hartu zuen parte, 1925ean. Pierre de Bizkaia izan zen ibilgailuaren gidaria, eta testuan zehazten denez, Bizkaia familian bi belaunaldi aritu ziren Bugatti autoak gidatzen. 1909an, Agustinek, Pierreren aitak, Bugatti etxearen sorrera finantzatu zuen Molsheim-en (Frantzia).
Ez dakigu Pierrek gidatutako autoak zenbatgarren postua eskuratu zuen lasterketa hartan, baina Guggenheimen autoaren alboan kokatu dituzten horma irudiek erakusten dutenez, Europako lehen lasterketa horiek pasio eta ikusmin handia sortzen zuten garai hartako publikoarengan.