Gladys del Estalen hilketari buruzko ikerketa antropologikoa jaso dute liburu batean
Gaur 43 urte bete dira guardia zibil batek Gladys del Estal Ferreño militante ekologista tiro batez hil zuenetik, Tuterako nuklearren aurkako festa batean. Urtemuga horren harira, Gladys del Estalen oroimen familiar, sozial eta instituzionalari buruzko ikerketa antropologiko bat aurkeztu dute gaur, liburu formatuan, Donostiako Informatika fakultatean; Gladysek unibertsitate ikasketak egin zituen lekuan, hain zuzen ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lera-Ikergunea Antropologia Taldeko ikertzaileek egin dute liburua, eta gaurko aurkezpenean izan dira horietako hiru: Kepa Fernandez de Larrinoa zuzendaria, Karlos Irujo zuzendarikidea eta Txuri Ollo ikertzailea. Haiekin batera aritu dira proiektu honetan Santiago Martinez eta Cristina Saura ikertzaileak ere. Liburua gaztelaniaz dago eskuragarri.
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritzak emandako dirulaguntzari esker gauzatu dute proiektua, eta gertakizunen analisi bat egiten dute bertan, gaurkotasuna agerian utziz. “Ez da kaxoi batean gordetzeko istorio bat, gaur egunerako zerbait baliagarria baizik”, adierazi du Ollok. Liburuak hamabi kapitulu ditu, lau ataletan banatuta. Lehenengoa, “oroitzapen eta ahanztura politikoen etnografia” da. Frankismoa, ekologia, ezker politikoa, antimilitarismoa eta generoa 1970eko hamarkadan aztertzen dira bertan. Bigarren atalean, garai hartako Estatuaren organismoen, tokiko agintarien eta alderdi politikoen inguruko azterketa egiten da, besteak beste; eta hirugarrengoan, hedabide desberdinetan urte hauetan guztietan Gladys del Estalen kasua nola landu duten ikertzen da. Laugarrengoan, aldiz, ikerketarako erabili dituzten eranskinak ikus daitezke.
Ikerketarako, hamarnaka elkarrizketa egin dituzte Donostian eta Tuteran. “Gladysen Donostiako lagunak, Tuterako garai hartako zinegotziak eta alkatea, alderdi politikoetako ordezkariak eta Gladysen familiako abokatua elkarrizketatzeko aukera izan dugu, beste batzuen artean. Gladysen familian ez dugu sarbiderik izan, gurasoak hilda daudelako eta nebak ez duelako hitz egin nahi izan. Gurasoen iritziak eta sentimenduak prentsan aurkitu ditugun informazioetan bildu ditugu”, nabarmendu dute.
Adierazi dutenez, ikerlan hau “amaitu gabe” dago, ez dutelako aukerarik izan instituzio guztietara sartzeko. “Adibidez, ezin izan ditugu polizien txostenak aztertu. Oraingoz ez daude desklasifikatuta, baina Estatu sekretupean daude, beraz, ikerlan hau ezin da bukatu oraindik. Hala ere, hau da gure ikuspegia, egiaren zati bat. Nahiz eta egia osoa ez izan, maitasun guztiarekin egin dugu”, azaldu du Ollok.