"Hiriak behar du horrelako leku bat"
Antiguako Doka aretoak hamabost urte bete berri ditu, eta maiatzeko eta ekaineko programazioarekin ari dira ospatzen. Pandemiaren bi urte gogorren ostean heldu da urteurrena, eta oso garai gogorra izan bada ere, pozik agertu da Mikel Roman arduraduna, egoerari buelta ematen ari direlako.
15 urte ez dira egunero betetzen.
Pozik gaude. Gainera, azken bi urteak zailak izan dira, pandemiarengatik; bizirik irautea izan da helburua. Hamar urte bete genituenean auzoko frontoira atera ginen jaialdi batekin, eta aurten ere horretarako gogoa nuen nik, baina pandemiaren eraginaren ondoren ezin genuen halakorik antolatu. Horregatik, zerbait intimoagoa egitea erabaki genuen. Maiatzaren 14an festa bat egin genuen, gertukoekin: hamabost urteotan Dokan laguntzen eta lanean ibili direnak eta gertuko lagunak gonbidatu genituen; 200 bat pertsona bildu ginen azkenean, eta festa bat egin genuen.
Ospakizun gehiago egingo dituzue?
Urteurrenarekin batera, egitarau bat atera genuen, maiatzerako eta ekainerako. Esaterako, pilota jaialdia antolatu genuen frontoian Oinatz Bengoetxearekin, eta arrakasta handia izan zuen. Bestalde, maiatzeko eta ekaineko egitarauan saiatu gara hainbat arlo ukitzen: bertsolaritza, musika, bakarrizketak, eta abar.
Zortzi urte daramatzazu hemen, Dokaren bizitzaren erdia. Nola bizi dituzu urte hauek guztiak?
Denetarik izan dugu. Ni sartu nintzenean, esango nuke momentu txar batean geundela, eta orain, aldiz, uste dut ondo gaudela. Barran lan egiten hasi nintzen, eta gero ardurak hartzen joan nintzen, pixkanaka.
Aldaketak egin genituen garai hartan. Izan ere, hasieran, Doka astelehenetik igandera irekitzen zen, gosariak ematen zirelako, eta abar. Ni hasi nintzen garaian, erabaki genuen asteazkenetik igandera irekitzea, zenbakiek ez zutelako ematen. Hau da, asteburura, ekitaldietara eta parrandara begirako planteamendu bat egin genuen.
Donostiako erreferentziazko gune bat da Doka orain.
Antiguan behintzat erreferentea da, hori ziur. Parranda egiteko modua aldatu egin da; gu, gaztetan, Parte Zaharrera joaten ginen parrandara. Gaur egun, Antiguak bestelako giro bat dauka. Ez dakit unibertsitateak gertu izateagatik den, baina Matia kalean giro handia sortu da. Auzoko giroak indartu egin gaitu, eta, segur aski, guk ere giro hori indartu dugu. Auzoaren eta gure arteko hartu-eman bat da.
Bestalde, Donostiara begirako gune gisa sortu zen Doka: Donostiako Kafe Antzokia. Antiguan kokatuta dago, baina Grosen edo Egian egon zitekeen. Bazkideek, bere garaian, ikusi zuten Donostian hutsune bat zegoela euskal kulturaren eta euskal mugimenduen inguruan, eta hutsune hori betetzeko ireki zuten Doka. Bilboko Kafe Antzokiaren edo Durangoko Plateruenaren eredua jarraituz ireki zuten, eta Antiguan aurkitu zuten horretarako lokal egokiena. Segur aski, ametsa Parte Zaharrean kokatzea zen, eta beste gauza bat izango litzateke. Baina, gaur egun, nik uste dut erreferente dela Donostian.
Ordea, Intxaurrondon bizi direnentzako, adibidez, erreferentziazko gune bat izan daiteke, baina segur aski, ez dira horrenbeste etorriko, urrun gelditzen zaielako.
Bai, eta ulergarria da. Azken finean, auzoak asko indartu dira, eta Intxaurrondokoek, segur aski, han egingo dute euren bizitza gehiena, gaur egun ez duzulako zertan Parte Zaharrera joan behar. Horrelako jendea, agian, interesatzen zaion kontzertu bat ikustera baino ez da joaten Dokara.
Doka hutsune bat betetzera etorri zen. Bete al da hutsune hori?
Hutsunea beteta dago, gaur egun Donostian askotariko programazioa daukazulako. Guk modu batera betetzen dugu, eta beste batzuek beste modu batera. Saiatzen gara garrantzi gehiago ematen euskarari eta euskal kulturari, baina ez gara hor gelditzen, kultura ez delako soilik hori. Ez dizkiogu ateak ixten beste hizkuntza batean egindako kulturari.
Hasierako kafe antzoki izaera hori pixka bat aldatu da, ezta?
Aldatu da, bai. Hasieran, kafe antzoki proiektu bat zen bere horretan: bazkariak emateko sukalde proiektu batekin, eta abar. Hori aldatzen joan da, eta hutsunea beste modu batera bete dugu. Pozik gaude egindako lanarekin, eta hutsune hori betetzen jarraituko dugu.
Askotariko ekitaldiak antolatzen dituzue.
Ez dugu muga handirik jartzen. Esan bezala, pilota jaialdi bat ere antolatu dugu, euskal kulturaren parte delako. Gure eskaintzaren %80-%90 musika da, baina antzerkiari eta bertsolaritzari ere tartea eskaintzen diegu; bere garaian, bertso eskola bat ere izan genuen hemen. Eta, musikan, nik uste dut estilo guztiak ukitu ditugula. Musikatik kanpo ere, duela bi aste JJ Vaqueroren bakarrizketa izan genuen, eta joan den astean Antton Telleriarena; hau da, astebetean Espainiako umoregile batetik euskal umoregile batera pasa gara. Oso desberdinak dira, baina biek arrakasta handia izan dute hemen.
Era berean, mota askotako jendea etortzen zaigu; askotan, ekitaldiaren arabera. Agian 40 urte inguruko jendea etortzen da kontzertu bat ikustera, baina gauak aurrera egin ahala gazteak parrandarako etortzen hasten dira, eta nahasketa bitxiak ikusten ditugu.
Dokaren moduko aretoak izatea garrantzitsua da Viktoria Eugeniaren moduko antzoki bat betetzeko nahikoa jende mugitzen ez duen jendearentzat, ezta?
Zalantzarik gabe. Edukierari dagokionez, Donostian Kursaala dago lehenik, gero Viktoria Eugenia antzokia, gero Intxaurrondoko kultur etxea eta gero Dabadaba eta gu. Gure edukierak ematen dizu aukera askotariko taldeak ekartzeko, agian Viktoria Eugenia beteko ez dutenak, baina baita Viktoria Eugeniara joan daitezkeen batzuk ere.
Estiloak ere asko egiten du, rocka eta heavy metala asko landu dugulako betidanik. Eta, badaude estilo horietako talde asko, agian Kursaalerako aproposak ez direnak, baina Dokan etxean bezala sentitzen direnak. Taldeak beraiek eta euren jarraitzaileak.
Urte hauetako oroitzapen bereziren bat daukazu?
Ni oraindik ez nengoen hemen, baina Dokaren mugarrietako bat da Berri Txarrakek 2009an Payola diskoa aurkeztu zuenekoa. Egun batetik bestera izan zen; Berri Txarrakek deitu zuen, esanez Dokan aurkeztu nahi zuela diskoa, eta hamar minutuan aretoa bete genuen. Ondoren, gure 10. urteurrenean, Berri Txarrak ekarri genuen berriz ere. Bestalde, El Drogasek Barricada utzi zuenean, Dokan aurkeztu zuen bere proiektu propioa, eta hori ere mugarri izan zen.
Pertsonalki, asko gogoratzen dut Burning taldeak eskaini zuen kontzertu bat. Uste dut nire lehenengo kontzertu potoloetako bat izan zela. Abuztuan itxi egiten dugu normalean, jende asko kanpora joaten delako, Aste Nagusia dagoelako, eta abar. Ordea, biran harrapatu genituen, eta abuztuaren 25 batean etorri ziren. Sufritu nuen kontzertu harekin, baina gero, tipoak esaten zidan, ‘malkoak ateratzen zaizkit jendearen hurbiltasunarengatik. hogei urte daramatzat horrelako kontzerturik egin gabe, agertoki batera igotzen naizenean jendea urrun daukadalako. Aldiz, hemen jendearen begi niniak ere ikusten nituen’. Eta, hori musikaren munduan 50 urte daramatzan tipo batek esatea… Badakigu noraino iristen garen, eta dena ematen saiatzen gara.
Pandemiari buelta eman diozue?
Itzulera indartsua izan da. Murrizketarik gabeko lehenengo bi hilabeteak izugarriak izan ziren, eromena zen. Ireki aurretik ilara zegoen jada. Azkenean, jendeak bi urte pasa ditu parrandarik egin gabe edo bestelako parrandak egiten, eta gogo handia zuen. Hilabete horiek gogorrak izan ziren, baina, era berean, politak. Poztasuna ematen du jendea lasai ikustea eta guk polizia lanik egin behar ez izatea. Orain, normaltasunera itzultzen ari gara, eta pozik gaude.
Doka izango dugu beste hamabost urtez?
Hori da asmoa, behintzat. Nik uste dut hiriak behar duela horrelako leku bat.