Izotz jauregiaren 50. urtemuga ospatuko dute larunbatean
Donostiako hainbat belaunaldik ezagutu dute Txuri Urdin izotz jauregia, izan ere, 1970eko hamarkadan ireki zuten. Jada 50 urte bete ditu. Askok hemen probatu dute zer den patinak jantzi eta izotz pistan ibiltzea. Batzuek, probatzeko, eta ondo pasatzeko. Eta beste batzuek, kirol profesionalean aritzeko. Patinaje artistikoa, izotz hockeya eta curlingarekin lotutako kirol taldeak sortu baitira eraikin honetan.
Horregatik, 50. urtemuga ospatzeko, izotz jauregiarekin lotura handia izan duten kirolariak, arduradunak, entrenatzaileak eta kirol taldeak gonbidatu dituzte, eta hainbat erakustaldi egingo dituzte larunbat arratsaldean, 16:00etan. Festa gauerarte luzatuko da.
Patinaje artistiko erakustaldia egingo dute, Txuri Urdin izotz hockey taldearen trofeo eta kopen erakusketa, hockey partida bat beteranoekin, gaur egungo jokalariekin partidak… Reala, Gipuzkoako Aldundia, Donostiako Udala eta bestelako erakundeak ere gonbidatu dituzte ospakizunera.
Izotz jauregia Anoetako kirol azpiegiturez inguratuta dago. Eraikina Gipuzkoako Aldundiarena da, eta 1970eko hamarkadan ireki zuten. 1999an erabat berritu zuten, eta 2014 eta 2015 urteetan ere hainbat berrikuntza lan egin zituzten egungo beharretara egokitzeko.