Kiroldegietako kanpoko igerilekuak hilaren 6an irekiko dituzte
Datorren astelehenean, hilaren 6an, Etxadi eta Intxaurrondoko kanpoko igerilekuak irekiko dituzte. Era berean, Paco Yoldi kiroldegiko igerilekuen ondoko solarium gunea eta ur jokoak zabalduko dituzte. Udako ordutegiak ere abian jarriko dituzte udal kirol instalazio guztietan.
Igerilekua duten kirol instalazioak egunero irekiko dira udan, igandeak eta jaiegunak barne. Altza, Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondo kiroldegiek izango dituzte ordutegi zabalenak asteburuetan eta jaiegunetan, 09:00etatik 20:30era. Instalazio horietako solarium guneek, pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz, azken bi urteetan ezabatutako hamaka-zerbitzua berreskuratuko dute aurten. Gainera, aurten luzatu egingo dira Egia eta Gasca kiroldegien ordutegiak: ez dira itxiko eguerdian, aurreko urteetan bezala, eta ordutegia 9:00etatik 20:30era izango dute astelehenetik ostiralera.
Bestalde, Donostia Kirolaren webgunean eskuragarri dago instalazio guztietan espazioen okupazioa denbora errealean ikusteko aukera. Horrela, udan, kanpoko igerilekuetako edukieraren egoera ere ikusi ahal izango da uneoro, eta horrek instalazioaren plangintza eta bertaratzeko orduak erraztuko dizkie erabiltzaileei.