Macarena Gomez da aurtengo Beldurrezko Astearen karteleko protagonista
Carlos Fdez (Penrider) marrazkilariak egin du, eta Arteuparte Estudioa arduratu da kartelaren koordinazioaz eta diseinuaz.
33. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean izango da aurten. Gaur aurkeztu dute jaialdia iragarriko duen kartela, eta Macarena Gomez aktorea protagonista duen ilustrazio bat da.
Kordoban (Espainia) jaiotako aktorea Espainiako fantasiazko zinemaren aktore adierazgarrienetako bat da. Hainbat pelikulatan lan egin du –Platillos volantes (Oscar Aibar, 2013), Las brujas de Zugarramurdi (Alex de la Iglesia, 2013) eta Pieles (Eduardo Casanova, 2017). Eta pelikula hauekin izan da Beldurrezko Astean: Dagon (Stuart Gordon, 2001), bere lehenengo lanetako bat, eta Musarañas (Esteban Roel eta Juanfer Andres), 2014ko edizioari hasiera eman ziona.
Kartelaren egileak, Carlos Fdezek (Penrider), esan du lan hau egiteko zerbait “aztoragarria” egin nahi zuela: “Proba batzuen ondoren, aurrez aurreko plano txundigarri bat aukeratu genuen, Macarenaren begirada, ikusleari zuzenean begira, ilustrazioari indar guztia emateko”. Arkatzezko marrazkian eskarmentu handia du, degradatuaren teknika baliatuz misteriozko giroak deskribatzea da bere lanaren asmoa. Munduaren ikuspegi tragiko bat eta tematika surrealista bat biltzen dituen lana da, eta bere bitartez ametsak, sentimenduak eta emozioak irudikatzen ditu. Aintzakotzat hartzen ez direnen bakardadea interesatzen zaio, eta natura, animaliak eta Lurraz haraindiko espazioa maite ditu. Beti saiatzen da istorio txiki bat kontatzen interpretazio desberdinak jasotzera irekia dagoen amaiera batekin, era horretan ikuslea tartean sar dadin. Beldurrezko Astearen kartelean armiarma bat marraztu du, eta jaialdiarentzat, sorreratik, ikur garrantzitsua izan da.
Erakusketa bat, Luis Gascaren omenez Jaialdiak ekarriko dituen jarduera batzuk ere aurreratu dituzte aurkezpenean. Sortzaile eta jaialdiaren zale bati omenaldia egingo diote, besteak beste. ‘Luis Gasca: Komikiak eta zinema’ erakusketa antolatu dute, irailaren 8tik azaroaren 8ra zabalik izango da Okendo Kultur Etxean. Luis Gasca (Donostia, 1933-2021) Espainiako komikiaren eta zinemaren funtsezko figura da, editorea, historialaria, gidoigilea eta bildumazalea, Donostia Zinemaldiaren zuzendaria, irudizale porrokatua, eta bere bizialdi ia osoan tebeoaren munduan jarduna. Hermenautek liburu bat editatuko du Asterako, Antonio Jose Navarrok idatzia eta zinemako kanibalismoari eskainia; 2022ko Astearen programazioan jasoko den gaia, alegia. Antonio Jose Navarro zinemako kazetaria eta idazlea da, eta aspalditik aritu da Astearen argitalpenetan kolaboratzen, besteak beste, American Gothic. El cine de terror USA 1968-1980 (2007) liburu kolektiboaren koordinatzaile gisa eta Líbranos del mal. Un estudio cultural del cine de posesiones demoníacas y exorcismos (2021) liburuaren egile gisa, iazko Asterako Hermenautek editatua. Oraingoan saiakera bat idatzi du, fantasiazko zinema bere historian zehar kanibalismoaren gaiari hurbildu zaion moduan sakontzeko.