Xabier Atristainen espetxeratzea salatzeko manifestazioa egingo dute gaur
Ertzaintzak atzo eguerdian atxilotu zuen Xabier Atristain Gorosabel euskal presoa, eta berriro ere Martuteneko espetxera eraman zuen, duela lau hilabete eskas Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz utzi zuen kartzela berera. Atxiloketaren aurka protesta egiteko manifestazioa egingo dute gaur Donostian, Bulebarrean, Babesgabetasun juridikoarekin amaitu! Atristain Etxera! lelopean. Sare Herritarrak egin du kalera ateratzeko deia.
Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun eguerdian ebatzi zuen ez zuela Atristainen hamazazpi urteko espetxe zigorra berrikusiko, eta, beraz, arriskua gainean zuen. Izan ere, Atristain otsailaren 17an atera zen Martuteneko espetxetik, baina behin-behinean: Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki zuen haren zigorra etetea, soilik Gorenak Estrasburgoko sententzia Espainiako Estatuan nola aplikatu behar zen erabakitzen zuen arte. Auzitegi Nazionaleko zigor sala berak agindu zuen donostiarra atxilotzeko atzo: hirugarrenak.