Bestelako Donostia bat irudikatuz
Donostiatopia egitasmoaren barruan, erakusketa iragankor bat egin dute Egian, Kalkutako Teresaren plazan.
Posible al da beste hiri eredu bat? Hauxe da plazaratu nahi duten gogoeta. Eraldaketa soziala sustatzeko asmoz, gobernuz kanpoko erakunde batzuek –Proclade Yanapay, ACPP eta Tau Fundazioa–, Donostiako Udalaren laguntzaz, tailer batzuk egin dituzte maiatzean. Horietako tailer bat Gipuzkoako Argazkilarien Elkartearen egoitzan egin zuten, Hector Mediavilla argazkilariarekin. Argazkilaritza eraldaketa sozialerako tresna moduan landu zuten. Beste tailerrak Donostiatopia izena du, eta zalantzan jarri du hiriaren garapen eredua, bestelako hiri bat posible dela erakutsiz. Tailer hauetako emaitza kalera eraman zuten maiatzaren 27an, Kalkutako Teresaren plazara.
Erakusketa iraunkorra muntatu dute, eta kaleko paretetan itsatsi dituzte hiri ereduaren inguruan gogoeta egiteko irudi erraldoiak, eta baita erakusketa ikusten duten bisitarientzako galderak ere. Etorkizunean nolako Donostia nahi dugun irudikatzeko hainbat atal landu dituzte parte hartzaileek. Atal bat tokiko merkataritzari eskaini diote. ‘Galtzeko zorian? Tokiko merkataritzak bizirik mantentzen du gure hiriaren historia’. Donostiako denda historiko askoren argazkiak ikus daitezke testu honen ondoan: Erdialdeko Benegas lurrin denda, Groseko Alvarez burdindegia eta La Casa del Artista, Arenzana denda, Ponsol…
Emakumeen memoria historikoa ere aldarrikatu dute. Eta kexu dira soilik Donostiako kaleen %10ek dutelako emakumeen izena: Benita Asas irakasle eta feminista, Joana Albret Nafarroako erregina eta Elbira Zipitria andereñoa, besteak beste.
Kontsumo ereduaren inguruko galderak ere ez dira falta: ‘Zenbat kilometro egiten ditu zure janariak?’. Eta komunitatearen garrantzia azpimarratu dute, Uliako Lore baratzak egitasmoaren lana aintzat hartuz.