Eguzkipean omendu dute Gladys del Estal
Eguzkiaren distirapean eta naturaz inguratuta omendu dute gaur eguerdian Gladys del Estal militante ekologista.
Aurten 43 urte bete dira guardia zibil batek antinuklearren aurkako protesta baketsu batean tiroz hil zuenetik, eta, urtero egiten duten moduan, ekitaldi berezia egin dute Egiako parkean.
Eguzki talde ekologistak eta Gladys Gogoan taldeak antoldatu dute omenaldia. Eguerdian elkartu dira parkearen sarreran, eta atarian ‘Cristina Enea’ dioen tokian ‘Gladys Enea’ jarri dute, pankarta handi batean zintzilik. Trikitixa doinuak hasi direnean, atarian bildutako jendea parkearen goialdera joaten hasi da. Han, Gladys del Estalen monolitoaren inguruan, lurra eta ingurumena defendatu zituen militantea izan dute gogoan, eta lorez bete da berriz haren omenezko txokoa.
Ekitaldian salatu dute Gladys del Estalen kasuaren inguruan ez dela justiziarik izan oraindik, eta bere hurbilekoek behar bezalako erreparazioa merezi dutela. Gehitu dute, aitortza ofizial hori, inoiz iristen bada, ongietorria izango dela, baina, iritsi ala ez, Gladys del Estali inoiz ez zaiola faltako herritarron aitortza. Gladys Gogoan kolektiboko kide Nieves Villagarciak esan du Gladysen memoria bizirik dagoela: “Zentral nuklearrik gabeko Euskal Herri bat nahi dugu. Ez dugu airea pozoitzen duen erraustegirik nahi. Eta ez dugu diruzaleen poltsikoak betetzen dituzten alferrikako obra itsusirik nahi. Bardeetako tiro poligonoak hor dirau, eta haiek ekologiaz, bakeaz eta birziklapenaz hitz egiten jarraitzen dute. Haiek ez dute hitza betetzen. Nafarroako Unibertsitateak berriki argitaratu duen liburuan dioten moduan, gehiago baldin bagara, iluntasuna txikiagoa da. Piztu dezagun gure argia, Eguzkiaren moduan distira egiteko, Gladysek egiten zuen moduan”.
Keinu bat Esther Zabalegiri
Omenaldian inoiz huts egiten ez duen Atarrabiako Esther Zabalegirekin gogoratu dira antolatzaileak. Aurten ezin izan da etorri, eta, beraz, ezin izan ditu jotak kantatu. Halere, Zabalegik idatzi duen mezu bat irakurri du Nieves Villagarciak: “Gladys, ez dugu amore emango. Gladysi zin egingo diogu ez dugula amore emango. Nafar moduan diot, eta emakumetik emakumera”. Eta berak kantatu ohi zuen jotaren zati bat irakurri du: “De las Bardenas Reales que se vayan ya los yankis. Pues Navarra necesita regadío y cereales. Que se vayan ya los yanquis. Centrales nucleares no han de poner en Tudela, en su lugar habrá flores como Gladys del Estal“.Musikaz betetako ekitaldia izan da. Unai Pelayo ‘Pelax’-ek bere osabaren Esaidazu abestia kantatu du. Bere taldekide Andoni Olaetxeak ere parte hartu du omenaldian, eta lehen aldiz kantatu du bakarrik. Gladysi eskaini dion kantu bat aurkeztu du: Paperezko mila eguzki. Abesti honek Telmo Trenorrekin batera irailean argitaratuko duen EPari emango dio izena. Gladys del Estalen ondarean oinarritutako lau pieza egin dituzte. Sarean jada lan honetako beste kanta bat entzun daiteke, hain zuzen, Esther Zabalegik Gladysen omenaldietan kantatu ohi duen jotan oinarritutako konposizio bat da.
Eta musika gehiago Donostia Kantuz-ekin. Loretxoa eta Hegoak ebaki banizkio kantatu dute ekitaldira joan den publikoarekin batera. Ondoren, Iñaki Alegriak Gladys del Estalen hilketaren inguruan argitaratu duten ikerketa antropologiko bat izan du hizpide. Donostiako Informatika fakultatean aurkeztu zuten ostiralean, Gladysek unibertsitate ikasketak egin zituen lekuan, hain zuzen ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lera-Ikergunea Antropologia Taldeko ikertzaileek egin dute liburua.Belaunaldi berriak
Gorka Laurnaga militante ekologistak eta Baztango talde ekosozialeko kideak gaur egungo egoeraren irakurketa politiko bat egin du. Lehendabizi, belaunaldi gazteen izenean, eskerrak eman dizkie Gladys del Estalen garaian ingurumenaren alde borroka egin zuten guztiei: “Asanblada eta bilera luzeetan ilea zuritzen uzteagatik; Iberdueroren aurkako sabotaiengatik; eguzki azpian egindako martxengatik. Milesker. Belaunaldi arras berezia zarete”. Eta adierazi du gazteek borroka ekologistarekin jarraituko dutela: “Zuen eguzki eta odolez bustitako lurrean, indarrez gatoz lore gazteak. Guk ere badugu Gladysetik zatitxo bat”.