Gladys del Estalen ondarean oinarritutako kantuak egin dituzte Egiako bi musikarik
Andoni Olaetxeak eta Telmo Trenorrek 'Paperezko mila eguzki' izenburupean argitaratuko dituzte lau kanta, irailean.
Irudian Gladys Del Estalen omenaldiko une bat, 1979ko ekainaren 10ean: Oholtza gainean, Esther Zabalegi, jotak abesten.
Astebete lehenago (ekainaren 3an) Guardia Zibilak Gladys Del Estal auzotarra hil zuen Tuteran, martxa antinuklear batean parte hartzen ari zela. (Argazkia: Gordegia) Gladys del Estal militante ekologistaren iruditegian oinarritutako lan bat izango dela azaldu dio Andoni Olaetxeak Irutxuloko Hitzari: “Egiakoak gara, eta txikitatik ikusi ditugu kartelak eta omenaldiak; etxean entzun dugu Gladysen istorioa. Beti oso presente izan dugu”.
Lau abestik osatuko dute bilduma. Bata, diskoari izena eman diona: Paperezko mila Eguzki. Andoni Olaetxeak sortu, idatzi eta kantatu duen kanta da. Hain zuzen, atzo, Gladys del Estalen omenaldian aurkeztu zuen jendaurrean, eta lehen aldiz jo zuen bakarrik. Pelax taldeko kidea da Olaetxea.
Sareetan jada diskoaren beste kanta bat zabaldu dute: Que se vayan ya los yankis. Gladys del Estalen omenaldietan entzuten den jota herrikoi baten birmoldaketa da. Olaetxeak azaldu du Telmo Trenorrek proposatu ziola jota honen bertsio “modernoago bat” egitea: “Telmok esan zidan urtero kantatzen duela Esther Zabalegik, eta jota honen letra hartu eta bertsio modernoago bat egiteko proposatu zidan. Ibil Bedi taldeko Amets Aranguren eta Areta Senosiain animatu ziren abestera, eta haiek jarri diote ahotsa”.
Irailean argitaratuko duten diskoko beste bi kantak Bardeetan eta Egiako parkean grabatutako soinuekin konposatu dituzte.


