Ekialdeko auzoetako hainbat eragilek hiriko Plan Orokorra diseinatzeko parte hartze prozesu "plurala" aldarrikatu dute
Donostiako Udalak martxoan abiatu zuen hiriko Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren (HAPO) berrikusketa prozesua, egun indarrean dagoen Plan Orokorra, 2010ekoa, berritzeko helburuarekin. Herritarren eta hiriko eragileen ekarpenak jasotzeko parte hartze prozesua ere abiatu du udalak, baina ekialdeko auzoetako zenbait elkartek salatu dute prozesu “zekena, elitista eta aurretik gidatutakoa” izaten ari dela. Hain zuzen ere, Altza XXI, Herripe, Intxaurdi, IZBE, Lodabe, Osteguna eta Plazandreok elkarteek sinatutako oharrean diote hori, eta “herritarren partaidetza informatua, plurala, kolektiboa, ez baldintzatua, denboran eskuzabala eta elkarteen aldez aurreko lanak errespetatuko dituena” aldarrikatu dute.
“Diagnosi fasean, udalak herritarren parte hartzeko eskubideak honako modu mugatuan burututzat eman nahi ditu: aurkezpena, aldez aurreko kontsulten izapidea, bi bilera, bata auzoetako elkarte guztientzat (lau ordu guztira: bi Intxaurrondo-Altza-Bidebieta eta bi gainerako auzoentzat) eta beste bat alorretakoa, bi ordukoa. Eta, online soilik bete daitekeen inkesta bat, arrakala digitalik ez balego bezala, gutxienez erdi mailako ezagutza informatikoa eskatzen duena eta hilabete bateko iraupena izan duena”, salatu dute aipatu eragileek. “‘Haserrea’ da interesatuen sentimendua ondoen islatzen duen hitza; izan ere, ezin da beste ezer sentitu elkarteak lau ordutan isiltzeak dakarren isekaren aurrean, Donostia eta haren auzo eta herriak hamar eta hamabost urte artean arautuko dituen planaren prozesu baten aurrean”, gaineratu dute.
Euren ustez, parte hartze prozesu horrek “duela 25 urteko Plan Orokorrera garamatza, planak politikarien bulegoetan idazten zirenean, herritarren iritzia entzun gabe”. Horregatik, honako baldintza hauek beteko dituen parte hartze prozesu bat eskatu dute: aurretiazko prestakuntza fase batean oinarritzea, diagnostikotik hastea, herritar guztiei ahotsa ematea (ordenagailua erabiltzen jakin ez arren), hausnarketa bateratua eta kolektiboa izatea, planteamendu zabal eta ireki batetik abiatzea eta komunitatearen arazoak behar bezala identifikatzea, komunitatearen ikuspegitik.
“Bideratzen ez bada, berriz ere pentsatu beharko dugu Plan Orokor hau eskorga bat dela, gobernu taldearen gustuko proiektuak biltzen dituena, higiezinen interesei erantzuteko bulego batean egindako plana. Zuzenketa bat espero eta nahi dugu”, gaineratu dute.