"Trenbidea lurperatzea premiazko behar bat da"
Amara Berriko auzo elkarteak martxoan abiatu zuen Loiolaren eta Morlansen arteko trenbidea lurperatu dezatela eskatzeko kanpaina Atsedena bai, zarata gehiago ez! Morlans-Loiolaren lurperatzea orain! lelopean. Sinadurak biltzen aritu ziren bi asteburuz, eta 1.000 sinaduratik gora bildu zituzten guztira. Ondoren, maiatzaren 26ko udalbatzarrean gaia eztabaidatu zuten, eta udal gobernuak aurkeztutako mozio bat onartu zuten. Horren harira, oharra plazaratu du auzo elkarteak, eta nabarmendu du euren eskaera ez dela ez “kapritxo bat”, ez “utopia bat”: “Lehenik eta behin, eskubide bat da, eta, bigarrenik, premiazko behar bat da, gaur egun dugun kutsadura akustikorik gabeko auzo bat lortzeko”.
Hasieratik, auzo elkarteak salatu du gaur egun zarata handia jasaten dutela bizilagunek auzotik pasatzen diren trenengatik, eta etorkizunean gehiago jasango dutela, Lugaritz eta Easo lotzen dituen tunelaren zaharberritze proiektuaren ondorioz. “Bidaiari eta salgai tren gehiago ibiliko dira, egunez zein gauez. Panorama negargarria da”, gaineratu dute: “Gaur egun, bidaiarien trenak 05:30etik gaueko 11:30etara ibiltzen dira, 7,5 minutuero noranzko batean edo bestean”.
Horrek egunez zein gauez zarata handia sortzen duela salatu dute, eta zarata hori handitu egingo dela: “Merkantzia trenak ibiliko dira gure auzoan. Gaur egun, hainbat kexa jaso ditugu bizilagunen aldetik, gauez Euskotrenek programatuta duen merkantzia trena dabilelako; baina, Duñike Aguirrezabalaga zinegotziak baieztatu digunez, merkantzia trenen kadentzia handitzea pentsatzen da”. Nabarmendu dutenez, “trenbide aldaketa horrek berekin ekarri behar du Amara Berriko bizilagunen atsedena bermatuko duten neurri batzuk ezartzea, kutsadura akustikotik babesteko, indarrean dagoen araudiaren arabera”.
Donostiako Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiengandik “erantzun oso positiboa” jaso dutela aitortu dute, “lurperatzearen eskaeraren aldekoa”. Eneko Goia alkatearen babesa ere jaso dutela nabarmendu dute, berarekin izandako bilera batean: “Alkateak nabarmendu zigun ez dela soilik balizko gaueko konboien kutsadura efektua, baizik eta, hemendik aurrera bidaiarien trafikoaren planifikazioa egin den bezala, hori gero eta ordu kadentzia handiagokoa izango dela”. “Horregatik guztiagatik, Amara Berriko auzo elkarteak lanean jarraituko du”, gehitu dute.