Arte urbanoa Martutenera iritsiko da aurten, Martutene Apain egitasmoarekin
Loiola eta Altza auzoetan aritu ostean, Donostia Apain programak Martutene Apain arte urbanoaren topaketak antolatu ditu aurten, eta ekainetik irailera egingo dute egitasmoa, Loiola Kultur Etxeak koordinatuta. 2019ko Olatu Talka jaialdian sortu zen Donostia Apain egitasmoa, eta azken urteotan, Loiola Apain eta Altza Apain egitasmoak egin dituzte, bi auzo horiek hainbat artista urbanoren horma irudi iraunkorrekin apainduz. Orain, gauza bera egingo dute Martutenen.
Donostia Kulturak azaldu duenez, “artistek bistakoak edo oso ezagunak diren gizarte edo hiri intereseko puntuetan egingo dute lan: kaleko horma pribatuak edo publikoak, fatxadak, eskailerak, zutabeak, eta abar”. Artista hauek hartuko dute parte: Udatxo, Stephen Webb, Ione Larrañaga, Lidia Cao, Maialen Arozena, Marina Capdevila, Sortwo eta Pablo Astrain. Era berean, Groseko Arteuparte guneak egingo ditu komisariotza artistikorako aholkularitza lanak.
Artistak datozen hiru hilabeteetan zehar arituko dira euren lanak egiten, eta batzuek aldi berean lan egingo badute ere, Donostia Kulturak azaldu du artista bakoitzak bere protagonismoa izatea dela asmoa. Horrela, Webb izan da lanean hasi den lehenengo artista, eta kartelez eta hezetasunez estalitako adreiluzko konexio elektrikoen nodulu handi batean egingo du bere esku hartze artistikoa.
Hurrengo artista Udane Juaristi Udatxo izango da, ekainaren amaieran hasiko baita lanean. Uztaileko azken bi asteetan, aldiz, Ione Larrañaga ariko da, eta gainontzekoak irailean aritzea aurreikusten dute.