Martuteneko iragana ezagutzeko erakusketa, Garberan ikusgai
Sarroeta-Martutene argazki zaharren erakusketa inauguratu zuten astelehenean Garbera merkataritza gunean, Altzako Historia Mintegiak eta Donostia Kulturak sortutako Altzako Tokiko Bildumako 26 argazkiz osatutakoa. Erakusketa hilaren 25era arte egongo da ikusgai, eta, ondoren, Martuteneko kultur etxeetan eta hainbat merkataritza eta ostalaritza establezimendutan jarriko dituzte ikusgai argazkiak.
Altzako Historia Mintegiaren arabera, “erakusketan auzoko bizimoduaren eta giroaren irudiak ikus daitezke, batez ere 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetakoak”. Azaldu dutenez, argazkien bilketa “auzoko bizilagunen ekarpenari esker” egin ahal izan da: Txema Loinazen, Maite Alberoen, Maria Dolores Armendarizen, Josetxo Yabenen, Agirretxe familiaren, Irizar familiaren, Maite Fernandezen, eta Isabel Arrietaren ekarpenei esker, besteak beste.
Bestalde, “Francisco Armendariz Otaloraren argazki apartak” nabarmendu ditu Altzako Historia Mintegiak, eta azaldu du Kutxatekako argazki batzuk ere erabili dituzte. David Vicente argazkilaria arduratu da irudiak mihise gainean inprimatzeaz, 90 x 60 zentimetroko tamainan.
Garberaren inguruko auzoetako argazki zaharren beste hainbat erakusketa ere egin izan dituzte azken urteotan: Altzako argazki zaharrena 2018an, Altzathlon 2019an, Intxaurrondokoa 2020an eta Bidebietakoa iaz.