Udalak herritarrentzat Internet bidez eskaintzen dituen zerbitzuak hobetu ditu, Nire Karpeta tresnaren bidez
Donostiako Udalak “optimizatu” egin du udalaren webguneko Nire Karpeta tresna, “herritarrekiko online harremana hobetzeko asmoz”. “Herritarrek toki bakar batean eskuratu ahal izango dituzte beren dokumentu guztiak, baita kudeaketa guztiak bideratu ere”, azaldu du udalak. Horrela ere, nabarmendu du aurrez aurreko zerbitzua bere horretan mantenduko dutela Udalinforen bulego guztietan.
Orain, Nire Karpeta tresnaren bidez, herritarrek erroldari eta zerga informazioari lotutako izapideak egin ahalko dituzte, ordainketak kudeatu ahalko dituzte, Etxegintzarekin eta Alokabiderekin jardungo dira, lan poltsak kontsultatuko dituzte, profil pertsonala eta udalarekin harremanetan jartzeko lehentasunak kudeatzeko aukera izango dute eta dokumentuak, ziurtagiriak, espedienteak, ordainketak eta udal izapideak kontsultatu, kudeatu eta deskargatu ahalko dituzte. Horretarako, BakQ edo bestelako ziurtagiri elektronikoren bat izan beharko da.
2021eko arretaren datuak
Udalak emandako datuen arabera, 2021ean Udalinforen bulegoetan 57.596 pertsona artatu zituzten, eta autotramitazioko makinetan 34.605 eragiketa egin ziren. Telefono bidezko arretaren bidez, aldiz, 92.400 kontsulta erantzun zituzten, eta herritarren postontziaren bidez 27.435 iradokizun jaso zituzten. Guztira, iaz 158.895 izapide kudeatu zituzten herritarren arretarako bulegoetan: %54 aurrez aurre (85.895) eta %45 online (72.153).