'Bertikala' podcasta, denak ez duelako horizontala izan behar
Beste podcast bat? Bai, beste podcast bat, baina honek (honek bai) merezi du entzunaldi bat, gutxienez. Sara del Rio Loiarte donostiarra (Intxaurrondo, 1996) eta Laura Re Lozano murtziarra (Lorca, Espainia, 1995) –baina, berak podcastean zehaztu duenez, Pasaian bizi da eta Donostian ibiltzen da– Tabakaleran elkartu dira, eta Bertikala podcasta abiatu dute. Duela astebete argitaratu zuten lehenengo saioa, Hasierak, eta datorren astean argitaratuko dute bigarrena.
Albiste honetako argazkia ikusiz gero, batek baino gehiagok zera pentsatuko du: “Estirando el chicle ematen du!”. Bada, bai, beraiek lehenengo saioan konplexurik gabe aitortzen dutenez, Carolina Iglesiasen eta Victoria Martinen eredua jarraituz abiatu dute euren podcasta. Platoak estetikoki antza du, eta saioaren egiturak ere bai: gai bat hartu dute hizpide lehenengo saioan, “hasierak”, eta euren esperientzia pertsonalak eta hausnarketak plazaratu dituzte elkarren artean solasean; beti ere, umoretik eta feminismotik.
Reren arabera, “eromena”, “gogoa”, “beharra”, “ilusioa” eta “astunkeria” dira Bertikala definitzen duten kontzeptuak, eta, Del Rioren arabera, “intentsitatea”, “gorriguaia”, “ojerak“, “hasiera” eta “gezurrak K handiarekin” dira kontzeptu aproposenak. Honek podcasta ulertzeko balio duen? Batek daki. Hoberena, lehenengo saioa entzutea: