Iturriko ura udalak emandako pitxarretan eskaintzen duten ostalariak omendu dituzte
Donostiako Udalak hiriko hamar establezimenduri eskerrak emateko ekitaldia egin du gaur udaletxean. Hain zuzen ere, iturriko ura udalak emandako pitxarretan eskaintzen duten ostalariak omendu dituzte. Horietako batzuk dira Bodega Donostiarra, Casino Kursaal, Botanika, Avenida XXI, Cafe Okendo eta Luka. Beirazko pitxarren kanpaina 2006an abiatu zuen udalak. Ordutik, 162 ostalaritza establezimenduk parte hartu dute, eta 4.600 pitxarra inguru banatu dituzte.
Apirilean hondakinen gaineko lege berria jarri zen indarrean, eta orain tabernek eta jatetxeek iturriko ura dohainik eskaini behar dute. Hori dela eta, eskatzen duten establezimenduei pitxar berriak ematea erabaki du udalak, harik eta dituen pitxar guztiak bukatu arte. Kanpainatik kanpo, establezimenduen jabeek ordaindu behar dute pitxarrak erosteak dakarren gastua.
‘Ura? Pitxerrean, noski!’
Donostia izan zen egitasmo hau abian jarri zuen aurreneko hirietako bat. Esan bezala, 2006an ura pitxarretan banatzeko kanpaina hasi zuen Ura? Pitxerrean, noski! lelopean. New York, Boston, Paris eta antzeko hiri batzuen adibideei jarraitu zien Donostiak, plastikozko hondakinaren ugaritzeak kezkatuta. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen laguntza izan zuen kanpaina hark, eta Donostiako iturriko uraren kalitate ona nabarmentzea zuen helburu. Kanpainaren lehen urtean 70 ostalaritza establezimenduk bat egin zuten.