Keinu Hizkuntza eguna ospatuko dute ostiralean Egiako Plaza Haundin
Egia Zeinuka taldea Egian sortu zen duela bost urte, auzoko pertsona gorren bizitza errazagoa bihurtzeko asmo eta ilusioarekin. Auzo inklusiboagoa dute helburu, eta, horretarako, entzuleak diren pertsonak keinu hizkuntza ikasten ari dira, pertsona gorrekin komunikatu ahal izateko. Eskoletara joaten dira, hiru hilabetean behin keinupotea egiten dute, eta, aurten, lehenengo aldiz, Keinu Hizkuntza eguna antolatu dute ostiralean. 17:00etatik aurrera, egitarau zabala prestatu dute Egiako Plaza Haundin, eta interesa duen oro gonbidatu dute bertara.
Aste honetako astekarian elkarrizketatu ditugu Egia Zeinukako Miren Tolosa eta Alaitz de Sosa kideak. Jarraian irakur dezakezue elkarrizketaren aurrerapen bat:
Zein jarduera egiten dituzue?
M.T.: Keinu hizkuntzako eskoletara joaten gara, eta hiru hilabetean behin, oporren aurretik, keinupotea egiten dugu. Gure irakaslea gorra da, eta berak deialdia zabaltzen die bere inguruko gorrei. Horrela, gorrak etortzen dira keinupotera eta gurekin mintzapraktika egiten dute. Oso arrakastatsua da, azkena duela bi aste egin genuen, eta jende mordoa elkartu ginen. Ikasleok ere, ikasturte amaiera denez, jabetu ginen askoz gehiago menperatzen dugula orain keinu hizkuntza.
A.D.S.: Gure bizi estiloa poteoarekin lotuta dago, eta ideia ona iruditu zitzaigun klaseetan ikasten duguna praktikan jartzeko. Ez dira gauza bera asteazken arratsalde batean besterik gabe mintzapraktika egiteko geratzea eta keinupotean hori lantzea. [Barrez]
Nola finantzatzen duzue proiektua?
M.T.: Diru aldetik, nahiko egoera prekarioan ibili izan gara. Eskolak bultzatzeko diru kopuru bat ziurtatuta izan behar dugu, izan ere, ikasturte osorako irakasle batekin konprometitzen gara. Hala ere, aurten dirulaguntza bat lortu dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Horrekin diru kopuru bat pilatu ahal izan dugu, eta lehenengo aldiz Keinu Hizkuntza eguna ospatzea erabaki dugu. Honekin batera, aipatu behar da kultur etxearekin ere sekulako harremana dugula. Bertako gela bat uzten digute, doainik, eskolak emateko, eta oso jarrera ona dute gurekin.
Zer prestatu duzue Keinu Hizkuntza egunerako?
M.T.: Ipuin kontaketa, makrame tailerra, modelatzeko tailerra eta gor-itsuekin komunikatzeko tailerra antolatu ditugu, 17:00etatik aurrera, Egiako Plaza Haundin. Horrez gain, 18:00etatik 19:00etara pertsona gorrek sortutako film laburrak proiektatuko ditugu, eta amaitzeko, Zeinu Kaxako kide batek Zeinu hizkuntza, pertsona gorren hizkuntza hitzaldia eskainiko du. Film laburrak Aitzarte Mendi Taldearen lokalean proiektatuko ditugu, argitasunarekin kanpoan ezingo direlako ikusi. Aitzartez gain, Egia Bizirik auzo elkarteak ere asko laguntzen digu.