Realaren Anoeta futbol zelaia onarturiko bazkide kopuru handienera iritsi da

37.854 bazkide ditu Realak. Anoeta futbol zelaia baimentzen dituen bazkide kopuru handienera iritsi da. “Realaren masa soziala etengabe hazi da, batez ere azken urteetan, eta egun hau iritsi behar zen”, adierazi du talde txuri-urdinak. Mugara iritsita, itxaron zerrenda aktibatu dute.
Bazkideen igoera etengabea izan da. 2017ko udan estadioa handitzeko lanekin hasi ondoren, 13.012 bazkide gehiago ditu Realak (%52 gehiago). “Orduan egin ziren edukiera aurreikuspenak baikorrak ziren, baina errealistak, aldi berean”, nabarmendu dute. Kopuru horretara iristea hainbat faktoreren ondorioa dela dio klubak: “Zelai berriaren erakargarritasuna eta giroa, gure taldeen errendimendua eta bazkide kategoriak berritzea, horiek ekarri baitute harmailak gaztetzea, eta, batez ere, belaunaldiz belaunaldi, klubak jende gazteagoarekin dituen loturak sendotzea”.
Anoetako edukiera osatzeko, bisitarien klubeko zaleentzako sarreren kopuru aldakorra eta ticketing-erako beti erabiliko diren sarreren kupoa erabiliko dira, eskaera eta behar desberdinei erantzun ahal izateko: publiko orokorrarentzako gutxieneko kupoa, sarrerak eskatzen dituzten RS Fanentzako kupoa, betebehar komertzialak eta kontratu konpromisoak, bisitarien zaleentzako UEFA baldintzak eta beste.