Sonakay taldeak zorioneko lana plazaratu du
Donostiako Sonakay flamenko taldeak Suerte hirugarren diskoa argitaratu du. Dagoeneko entzungai dago plataforma digital guztietan, eta formatu fisikoan ere eskuratu daiteke. Oiartzungo Mecca estudioetan aurkeztu dute, lana grabatu zuten leku berean.
Yoni Camacho taldeko abeslariak adierazi du disko hau egin ahal izatea “zorte handia” izan dela, eta lanaren sormen prozesu guztia “izugarrizko ikaskuntza” izan dela taldearentzat: “Diskoan parte hartu duten musikariekin eta Jaime Stinusekin bizitako uneak izan dira prozesu guzti honen altxorrik nagusiena. Egia esan, zalantza momentuak ere izan ditugu, flamenkoak garenoi gure konfort zonatik ateratzea zaila baita, baina une horietako bakoitzean erabaki zuzen bat egon da”. Camachoren arabera, pauso garrantzitsu bat eman du taldeak bere ibilbidean, “soinu berri eta fresko batekin itzuliz, gogoz eta ilusioz beterik”.
Bederatzi kantu ditu diskoak. Horien artean dago Luis Eduardo Auteren Al alba kantu ezagunaren euskarazko moldaketa. Jon Martin bertsolaria arduratu da letra euskarara ekartzeaz. Gainerakoan, Iker Laurobaren Larumbata izeneko abestia jaso dute lanean, eta beste kantu guztiak Camachok egin ditu.
Esan bezala, Oiartzungo Mecca estudioetan grabatu zuten diskoa pasa den martxoan, eta Stinus ekoizleaz gain, goi mailako musikariek kolaboratu dute lanean: Iñaki Salvador (pianoa), Karlos Aranzegi (bateria), Lutxo Neira (baxua), Luis Moreno Pirata (haizezko musika tresnak), Bixente Martinez (gitarra), Jaime Stinus (gitarra), Ruben Perez (kongak) eta Lara Mitxelena eta Gema Ines (txalaparta). Aldiz, diskoaren azala Lierni Aldabek egin du.